Donostiako galdeketa babesteko adierazpena sinatu dute EAJk eta EH Bilduk

Azaroaren 18an Gure Esku Dagok Donostian egingo duen galdeketaren aldeko adierazpena sinatu dute EAJren eta EH Bilduren udal taldeek. “Begi onez ikusten dugu azaroaren 18ko galdeketa, eta are gehiago, dei egiten diegu donostiar guztiei bertan parte hartzera eta iritzia agertzera. Herri bat garelako, erabakitzeko eskubidea dugulako eta herritarron garaia delako”, dio adierazpenak.

Donostiako galdeketak “donostiar ororen bilgune” izan nahi duela azpimarratu dute. “Erabakitze eskubidea, emaitzaren gainetik, gizarte kohesiorako tresna egokiena da. Nolako Euskal Herria nahi dugu, udalerri bakoitzetik hasita”.

Erabakitze ariketa bat aurrera eramateko “guztion parte hartzea ezinbesteko baldintza” dela adierazi dute bi alderdiek. “Azaroaren 18an erabaki nahiaren espresio izango gara eta ezberdinen arteko topagune”.

PPren kritika

Adierazpena salatu du PPren udal taldeak. “Ergelkeria bat da galdeketa, eta alkatearen jarrera arduragabea da egitasmo hau babesteagatik. Izan ere, sektarioa eta ideologizatua da. Donostiarrak bitan banatzen ditu eta ez dio erantzuten egiari zein errealitateari”.

Aldi berean, alderdi popularrak galdera bat zuzenduko dio asteleheneko batzordean udal gobernuari. “Jakin nahi dugu ea Dbus konpainiaren zuzendaritzak baimendu duen Gure Esku Dagoren publizitate kanpaina bat kontratatzea. Hori horrela bada, guztiz salagarria izango litzateke”.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend