Ane Urrutikoetxea: 'Homo Plasticus'
Azkenaldian, ez dago egunik plastikoak protagonistak dituen albisterik gabe. Zumaia eta Deba arteko flyscharen bideoak hainbaten sumindura eragin du, erakundeak adierazpen lausoak egitera behartuz. Haserre azkar bat, neurriren bat edo beste hartzeko promesa hutsez jarraiturik. Noizbehinka, birziklapena bultzatzeko kanpaina antzuak, ondoren erraustegiari Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa gune deitzeko. Eta datorren uda arte, agur!
Egia esan, plastikoaren inbasioak erabat irentsi du gure egunerokotasuna, eta gu konturatu gabe. Edo bai? Ez gaude oso larrituta; konturatuta ala gabe, plastikoa ukitzen dugun guztian dago, eta zoritxarrez, baita irensten ditugun elikagai eta likidoetan ere. Gure organismoraino iristea lortu dute mikro-plastikoek. Eta halere, gu lasai. Harrigarria da nola onartu dugun pozoi suntsiezin honen garaipena. Izaki plastifikatuak bihurtu gara alaitasun handiz.
Beharbada esajeratzen nabilela pentsatuko duzue; obsesio bat estreinatu berri dut, soineko edota jertse berri bat lehen aldiz janzten duena bezala. Eta arrazoi duzue, burua erabat jan dit plastikoaren kontu honek. Ez dagoelako flyscheraino joateko beharrik inbasio horren zantzuak ikusteko; nahikoa da etxeko zaborrontziaren erritmo biziaz ohartzea. Birziklatzen duzuenok aspaldi nabarituko zenuten ontzi horiaren etengabeko betekadaz; nirean pare bat egun besterik ez ditu behar goraino iristeko.
Zerbait egin behar nuela erabaki, eta etxean plastikoaren kontsumoa murrizteko neurriak hartzen hasi nintzen duela hilabete batzuk. Ez da erraza izan. Plastikoaren kultura zein puntutaraino dagoen gure etxean sartuta ohartzeko balio izan dit. Lehen pauso beldurtiak eman nituen; erosketetara telazko poltsa eraman, plastikozko poltsak berrerabili, plastikozko plater eta mahai-tresnak zein ur botilak ekidin… pixkanaka, zaborrontzia txikitzen joan zen, eta orduan ulertu nuen birziklapenaren lezio garrantzitsuena; birziklatzeko onena, ez kontsumitzea (eta beraz, zaborrik ez sortzea) dela. Ideia honi tiraka, segituan hasi nintzen pauso handiagoak ematen; fruta eta barazkiak plastikozko poltsetan sartzeari utzi diot, horren ordez etxetik eramandako telazkoetan sartuz, eta harategi zein arrandegira tuperrarekin joaten hasi naiz. Ez da nahikoa, baina plastikoa pixkanaka nire bizitzatik ateratzen hasi dela sumatu dut. Dena den, oraindik soldadu errebelde bakartia sentitzen naiz, batez ere erosketa ahalik eta plastiko gutxien eskuratuta egitea lortu ondoren ordaintzeko kaxara hurbildu eta langileak galdetzen didanean; poltsarik nahi?