Arnasteko hauspoa da

Biriketako minbizia pasa duten hiru pertsonak Behobia-Donostia egingo dute, diagnostikatu berriei itxaropen mezu bat igorri, eta gaitzaren ondoren bizitza normala izatea posible dela erakusteko.

Arnastu Behobia

Donostiako ospitaleko kirurgia torazikoko taldea eta Walfrido eta Montse senar-emazteak. (Argazkia: Irati Salsamendi)

Donostiako Unibertsitate Ospitaleko zirujau torazikoa da Jon Zabaleta 2006. urtetik. Biriketako minbiziaren ikusgarritasun faltak kezkatuta, Arnastu Behobia egitasmoaren sustatzaileetako bat da, eta egitasmo honi esker biriketako minbizia pasa duten hiru pertsonak Behobia-Donostia lasterketa egingo dute igandean. Erronka zaila dela aitortu du Zabaletak, baina motibazioa «oso handia» dela adierazi du.

Gainera, Donostiako ospitaleko langile askok eta hainbat herritarrek ere egitasmoarekin bat egin, eta gaixoen alboan egingo dute korrika. Guztira, 250 bat lagunek egingo dute hiru gaixoekin batera Behobiatik Donostiara doan ibilbidea.

Biriketako minbizia
Gizonentzat hirugarren heriotza eragilea da biriketako minbizia, eta emakumeentzat laugarrena. Zabaletak azaldutakoaren arabera, minbizia mota honen kasuen %80 tabakoaren kontsumoarekin lotuta dago, eta horregatik, prebentzioak berebiziko garrantzia dauka. Gaixotasunaren joerak aldatu egin direla adierazi du, tabakoaren kontsumoa ere aldatu egin delako: «Ni lanean hasi nintzenean gizonezkoei bakarrik egiten genizkien ebakuntzak, baina azken urteetan emakumezkoak gero eta gehiago dira, beranduago hasi direlako erretzen». Era berean, aurreikusten da 2020. urtean emakume gehien hilko dituen minbizia izango dela.

Zirujau torazikoak adierazi du azken urteetan aurrerapauso asko eman direla biriketako minbiziaren ikerketan, baina oraindik asko dagoela egiteko: «Kimioterapeutiko berriak atera dira, eta kimioterapia beharrean immunoterapia erabiltzeko teknika asko hobetu da. Kirurgiako tresnerian ere aurrerapausoak nabariak dira». Lehen, ebakuntza batzuetan 15 zentimetroko zauriak egin behar ziren, eta orain, ebakuntzen %80 bideo-kirurgiaz egiten dira.

Zabaletaren ustez, gaixotasun hau saihesteko gakoa prebentzioan dago, tabakoaren kontsumoa delako eragile nagusia. Gainera, frogatuta dago tabakoak beste organo batzuetako minbizia ere eragiten duela, eta erretzaile pasiboei ere asko eragiten diela.

‘Arnastu Behobia’
Prebentzioaren garrantziaz jabeturik, herritarrak gai honen inguruan sentsibilizatzeko premiaz konturatu zen Zabaleta:  «Iazko Behobian erabaki genuen Arnastu Behobia egitasmoa martxan jartzeko ordua zela». «Azaroaren 17an Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Eguna egiten da, eta ikusten genuen biriketako minbiziak ez duela beste minbizi batzuek duten ikusgarritasuna», azaldu du Zabaletak. Behobia-Donostia lasterketa azaroan egiten denez, kanpaina lasterketarekin lotzea iruditu zitzaien aproposena. «Behobia-Donostiako antolatzaileekin eta gaixoen elkartearekin hitz egin genuen, eta oso ideia ona iruditu zitzaien», gaineratu du zirujauak.

Hiru helburu lortu nahi dituzte Arnastu Behobia egitasmoarekin. Alde batetik, azaldu du medikuak konturatu zirela zerbait egin behar zutela gaixotasuna ikusarazteko. Bestetik, diagnostikatu berri diren gaixoei itxaropen mezu bat transmititu nahi diete, «ikus dezaten minbizia pasa ondoren bizitza normala berreskuratzea posible dela, eta baita Behobian parte hartzea ere».

Azkenik, erronka honen bitartez bizitza osasuntsua izateko ohiturak sustatu nahi dituzte, esaterako, kirola praktikatzea eta erretzeko ohitura kentzea.
Zabaletak baieztatu du oso pozik daudela egitasmoak izan duen harrerarekin. Hamar pertsona inguru hasi ziren Behobian ateratzeko erronka prestatzen, eta azkenean, hiru gaixoei babesa ematen 250 bat aterako direla azaldu du medikuak. «Korrika egiteko asmorik inoiz izan ez duten pertsona asko animatu egin dira, kanpainak bultzatuta», dio Zabaletak.

Eskubaloitik lasterketara
Eskubaloian ibilitakoa, baina korrika egiteko ohiturarik ez duen pertsona horietako bat da Walfrido Garcia zumaiarra. 2006ko maiatzeko egun batean ospitalera joan zen, odol emultsio batzuk, eztarrian sentsazio mingotsa eta bularraren ezker aldean ziztada batzuk sentitu zituelako.

«Bronkoskopia bat eta TAC [OTA, ordenagailu bidezko tomografia axiala] bat egin zizkidaten, eta eskuineko bronkioan tumore bat aurkitu zidaten». Ondoren, Borja Aginagalde zirujau torazikoaren kontsultara eraman zuten. «Oso modu argian azaldu zidan nituen aukera guztiak. Alde batetik, ohiko ebakuntza egin eta birika kentzeko aukera zegoen; bestetik, Donostiako ospitalean lehenago inoiz egin ez zen ebakuntza bat egiteko proposamena egin zidan. Aukera horrekin birika salba nezakeen», azaldu du Garciak. «Bigarren aukera arriskatua zen, baina horrenbesteko indarrarekin azaldu zidan, egunean bertan baiezkoa eman niola», gaineratu du Zumaiakoak.

2016ko uztailean ebakuntza egin zioten, eta ebakuntza-gelatik ateratzean beldurtu egin zela aitortu du, izan ere, hamaika orduko ebakuntza izan ohi dena, lau orduan egin zuten. «Esnatu nintzenean eta lau ordu besterik ez zirela pasa ikustean, dena gaizki atera zela pentsatu nuen», esan du Garciak.

Ebakuntza ondo atera arren, errekuperazioa gogorra izan zela kontatu du korrikalariak, bizkarra eta saihetsak ireki behar izan zizkiotelako. Gainera, birikek, aurreko ahalmena berreskuratu behar izaten dute ebakuntzaren ondoren, eta horretarako, korrika egitea oso lagungarria dela baieztatu du Zabaletak: «Walfriri asko lagundu dio korrika egiteak, hasieran arnasestuka bukatzen zituen entrenamenduak, eta orain ez».

Erronka tentagarria
Urte hasieran gutun bat jaso zuen Garciak, eta han bertan Behobia-Donostia lasterketan parte hartzeko erronka proposatzen zioten Donostiako ospitaleko medikuek. «Hasieran eroak zeudela pentsatu nuen, baina azkenean baiezkoa eman nuen. Gainera, nigatik egin duten guztia itzultzeko modua dela sentitzen dut», esan du.

Maiatzean egin zuen lehen entrenamendua, eta oso gogorra izan zela aitortu du barre artean: «Pentsatu nuen ez nuela korrika gehiago egingo inola ere ez, baina nire emaztea eta nirekin korrika egiten duten bi lagunei esker jarraitu egin nuen».

Entrenamenduetan hiru emakumeek izan duten papera nabarmendu du, erritmoa markatzen eta motibazioa mantentzen lagundu diotelako: «Aholkulari bikainak dira». Haiek izango dira, David Caballero koinatarekin batera, proban zehar Garciaren alboan joango direnak.

Lasterketarako erronka bakarra jarri dio bere buruari zumaiarrak: Donostiako helmugara iristea. «Ez diot denborari begiratu nahi, lasterketa bukatu nahi dut, besterik ez», adierazi du Garciak. Egindako lanarengan konfiantza du, baina kontziente da lasterketaren egunean alderdi askok dutela eragina: «urduritasunak nola eragingo didan kezkatzen nau, baina zorionez, neskek asko laguntzen didate hori kudeatzen». Gainera, ekainean lesio bat izan zuen Garciak Akilesen tendoian, eta horrek pixka bat kezkatzen duela adierazi du: «Eguna hurbiltzen doan heinean urduriago nago, eta beldurra ematen dit lasterketaren egunean berriz lesionatzeak. Horrenbeste korrika eginda, amorru handia emango lidake».

Ohikoak diren beldurrak eta urduritasunak alde batera utzita, «oso animatuta eta gogotsu» dagoela baieztatu du Zumaiakoak.

Behobia-Donostia pasatzen denean korrika egiten jarraitzeko asmoa du Garciak, baina «erritmo lasaiagoan». «Lagunek eta nire familiak jarraitzeko esaten didate, baina oraingoz, Behobia-Donostia pasata, Zumaiako San Silvestre da nire erronka bakarra». Eskubaloitalde bateko entrenatzailea da, bere 13 urteko semearen entrenatzailea, hain zuzen. «Gazteekin batera ibili nintzen korrika denboraldi-aurrean, eta asko hunkitzen nintzen ikustean haietako batzuk nire alboan joaten zirela denbora osoan, etengabe animoak ematen».

Biek esan  dute ilusioz eta urduritasun puntu batekin pasako dituztela lasterketa hasi bitarteko orduak, eta modu asko daudela laguntzeko. Kamisetak online eskuratu daitezke oraindik, eta Zabaletaren esanetan, kanpainari buruz hitz egite hutsak, helburuak betetzen lagunduko du. Era berean, kanpainarako Alex Ubago eta Zuriñe Hidalgok egin duten Zure hauspoa izango gara abestia deskargatzen jarraitu dezake jendeak diru laguntza handitzeko. Baieztatu dute garrantzitsuena izango dela lasterketaren egunean ikusleen babesa sumatzea.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend