Zazpi urteko atzera kontaketa

Erronka handi bati ekin dio Behobia-Donostia lasterketaren antolakuntzak: 50/50/25. Fortuna kirol elkarteko lagunen helburua da emakumeen partaidetza %50 izatera iristea 2025 urterako.

behobia_donostia_aurkezpen

Iñigo Etxeberria, Fernando Ibarreta eta Arantza Rojo, Fortunako kideak eta Behobia-Donostia lasterketaren antolakuntzako buruak. (Argazkia: Estitxu Zabala)

Ez da erronka makala Fortuna Kirol Elkarteak jarri duena. Abian jarri du 50/50/25 izeneko proiektua, helburutzat jarrita 2025erako lasterketaren partaideen erdiak emakumeak izatea. Horrela bada, datozen zazpi urteetan prozesu bat bideratuko dute parekidetasunaz hausnarketa kritikoa egiteko, ikasteko eta jarduera ludikoak lantzeko. Antolatzaileek beraiek bultzatu dute erronka, eta helburua lortzeaz gain, gizartean aldaketa bultzatu nahi dute: «Sustatuko du Behobiaren ekosistema, kirol erkidegoa eta, oro har, Gipuzkoako gizarte osoaren partehartze aktiboa eta kontzientziatua».
Antolatzaileek diote Behobia Txikiko haurren %44 neskak direla; eta, helduetan, %24 momentu honetan, urtez urte gora egin duen arren. Izan ere, 2000 urtean %11 baino ez ziren andreak. Datu horiek eta beste hainbat kontuan izanik, lanean jarri dira datuei buelta emateko. «Iritsiko gara edo ez, baina dena emango dugu. Soilik gizonen adibideak jartzen baditugu, umeek ez dute ikusiko emakumeen kontua ere badela», azaldu du antolakuntzako Arantza Rojok.

Fortunakoen esanetan, 2008an hasi zuten bidea, datuetan erreparatu zutelako emakumeen partaidetza oso txikia zela. Horrela, Heuk proba ezan izeneko proiektua abiatu zuten erakundeekin elkarlanean, emakumeei zuzendutako entrenamendu saioak eskaintzeko. Jarduera arrakastatsua izan zela dio, eta beste buelta bat emateko, klubean atletismo atala ere sortu zutela. «236 emakume igaro ziren, eta zerbait gehiago egiteko, 50/50/25 abiatzea erabaki dugu».

Egitasmo berrian gai bat landuko dute urte bakoitzean, kirolarekin eta generoarekin lotura izango duen gai bat. Adibidez, aisiaren erabilera, edo lehiakortasuna eta jokoa. Egitasmoan parte hartu nahi duten herritarrentzat ere atea zabalik dago, bakoitzak nahi dituen ideiak, esperientziak eta proposamenak partekatzeko. «Nahi baduzu parte har dezakezu 50/50/25 jardueraren barnean egingo ditugun ekintzetan, edo haien berri zabaltzen lagundu dezakezu. Eta noski, lasterketan parte har dezazun nahi dugu», diote antolatzaileek. Aurtengo leloa ere erronka nagusiarekin lotua dagoela diote: #BehobiaSS eginez aldatu mundua. Guztira, aurtengo lasterketarako izena eman dute 30.000 lagunek baino gehiagok (2015etik igaro den langa), eta horietatik 7.534 dira emakumeak. Gainera, iaz lehen aldiz lau emakume aritu ziren erbi lanak egiten, eta aurten oraindik gehiago izango dira: 29 erbitatik 13 izango dira emakumeak.
Fortunako Iñigo Etxeberriak lasterketak bere barnean hartzen dituen jarduera guztien berri eman du aste honetako aurkezpenean: Lasterketaren Azoka, Behobia Txiki, Behobia Gazte… Azpimarratu du Behobia antolatzea lan handia dela: «Urte osoko lana da guretzat, esfortzu handikoa. Helmugara iristean ikusten ditugun poztasun aurpegiengatik merezi duela pentsatzen dugu».

Behobia Txiki larunbatean izango da, Anoetako estadio txikian, eta aurten ere arrakastatsua izatea espero dute, 2.500 haur baino gehiagok eman baitute izena.
Igandean, Behobiako irteera gunetik aterako diren lehenak handbike-ak izango dira (9:45), ordu berean irtengo dira Behobia Gazteko 14 eta 18 urte arteko gazteak, Herreratik. Behobiatik irteten hurrenak patinatzaileak izango dira, 9:50ean, eta 10:15etik 11:39ra korrikalarien irteerak emango dituzte.

Lasterketa egin ahal izateko, noski, nahitaezkoa dute borondatez lan egiten duten 300 boluntario baino gehiagoren laguntza. Horrela, korrikalariak behar bezala zainduak egongo dira ibilbide guztian. Horretaz gain, ibilbidean zehar partaideek topatuko dituzte zazpi hornidura postu, eta hainbat animazio gune, estilo askotariko musikarekin.

Hego haizea etor litekeela iragarri dute, baina haizearen iragarpenak aldakorrenak direla dio Iñigo Etxeberriak: «2015 urtean gertatutakoaz ikasi behar dugu. Bero handia egiten duenean emaitzak ez daude lotuak prestaketarekin. Goi maila batean ibiltzen direnak markak egitera ateratzen dira beroarekin, eta tenperatura horiek ez dira markak egiteko».

Edonola, urtez urte hobetzen doazen moduan, aurten berrikuntza teknologiko nabarmena izango dute. Izan ere, korrikalari bakoitzaren dortsalak sartua eramango du QR kode bat, partaidearen osasun datuak jasoko dituena edozer gertatuta ere.

Goiko postuak
Fortunako Fernando Ibarretak lasterketa irabaz dezaketen horien izenak eman zituen. Emakumeetan bi izen aipatu zituen: Aroa Merino kanariarra, azken bi urteetako irabazlea; eta Diana Martin madrildarra, «izar» gisa definitu zuena.
Gizonetan, aldiz, irabazlearen figura sekula baino zabalagoa dela azaldu zuen, hiru aukerekin: Jaume Leiva kataluniarra, Iban Fernandez eta Villabonako Iraitz Arrospide.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend