«Familia-gaixotasuna da alkoholismoa»

Al-Anon elkartearen egoitza, Amara kaleko 13. zenbakian. (Argazkia: Irati Salsamendi)

Al-Anon elkartearen egoitza, Amara kaleko 13. zenbakian. (Argazkia: Irati Salsamendi)

Al-Anon elkarteak 1968tik darama alkoholikoen senideen topagune eta babesleku izaten. Gaixo dauden pertsonak eta haien senideak txanpon bereko bi aurpegi dira, baina bakoitzaren zailtasunak desberdinak dira.

Alkoholismoa da heriotzen bigarren eragile nagusia Espainian, eta urtero, 20.000 lagun hiltzen dira alkohol kontsumoaren eraginez. Milaka dira alkoholismoa duten pertsonak, eta bakoitzak, gutxienez, lau pertsonaren bizitzan eragiten duela uste da. Horregatik, familia-gaixotasuntzat dute Al-Anon elkartekoek. Gaitz hori duten pertsonei laguntzeko elkarte eta programa asko daude, baina ez dira horren ezagunak alkoholikoen senide eta lagunen elkarteak; Al-Anon da horietako bat.

Mundu osoan zehar taldeak dituen elkartea da, eta Gipuzkoakoa 1968an sortu zen, Errenteriako pertsona batek Parisen elkartearen berri izan zuenean. Euren izena anonimotasunean gorde nahi izan duten Al-Anoneko kideek azaldu dute, hasieran etxe batean biltzen zirela bilerak egiteko, baina duela 26 urte, Donostiako Udalak gaur egun daukaten lokala utzi ziela, Amara kaleko 13. zenbakian. Alkoholismoa «oso gaixotasun bakartia» dela adierazi dute, gaixoentzat, zein ingurukoentzat. Gizartean duen estigmak kalte handia egiten diela kontatu dute, eta askok urteak behar izaten dituztela Al-Anon bezalako elkarte batengana jotzeko: «Alkoholismoa tabua da, etxean zein kalean».

Alkoholiko Anonimoen taldea oso ezaguna dela diote, baina Al-Anon «ikusezina» dela kritikatzen dute: «Beste herrialde batzuetan oso ezaguna da elkartea, baina hemen ez». Alkoholismoa duten pertsonen taldeekin nahasten dituzte, baina uste dute garrantzitsua dela bereiztea haiek senide eta lagunak direla, eta dituzten beharrak eta zailtasunak beste batzuk direla: «Jatorrian arazo berdina dugu denok, baina egiten dugun bidea desberdina da».

Gaixotasun sendagaitza
Al-Anonekoek  azpimarratu dute alkoholismoarekin duten arazo pertsonala kolektibizatzeak haien bizitzetan izan duen eragin positiboa. «Elkartera iritsi aurretik, nire senidea etengabe kontrolatzen nuen, eta edan ez zezan, edozein trikimailu erabiltzen nuen. Alferrik zen, ordea».

Al-Anonen ez dago profesionalik, eta bileretan norberak bere esperientziaren inguruan hitz egiten du. Elkarri aditzea da daukaten tresna nagusia, eta gainontzekoek izan dituzten esperientzietatik ikastea oso lagungarria dela diote: «Gure arteko elkarrizketen bitartez joaten gara gure zailtasunak lantzen». Argi daukate alkoholismoa gaixotasun sendagaitza dela, eta horretaz jabetzea da norberaren ongizaterako lehen pausoa. Gakoa norberaren jarreran dagoela baieztatu dute. «Gaixotasun hau ez da sendatzen eta gaixoaren eskuetan dago ondo edo gaizki egotea. Edaten ez badu, ondo egongo da, baina tanta bat edanez gero, dena okerrera joango da», baieztatu dute. Bileretan nork bere buruari mina eman gabe senide gaixoaren ondoan egoteko moduak lantzen dituzte, betiere elkarri iradokizunak eginez. «Hemen ez diogu inori esaten zer egin behar duen, norberak egin beharreko prozesua da», adierazi dute.

Ezagutzera emateko
Alkoholismoa dutenen eta gaitzaren ondorioak pairatzen dituzten senideen kopurua oso handia izan arren, Al-Anonen berri oso jende gutxik duela kritikatu dute. Horregatik, egiten dutenaren berri informatzeko helburuarekin, kanpora begirako jarduerak ere egiten dituzte; hala nola, hitzaldiak, informazio postuak eta eskoletan informazio saioak: «Geuregana jendea bideratu dezaketenekin kontaktuan jartzen gara, eskolekin eta anbulatorioekin, adibidez».

«Gaixotasunarekin lotura duten profesionalek, orokorrean, ez dute gure berri. Gizarte zerbitzuetara ere jotzen dugu askotan, bilerak eskatzeko, baina orokorrean ez digute kasurik egiten», kritikatu dute.

Eskoletan prebentzioa lantzeaz gain, Al-Anonen barruan, Alateen taldea sortu zen duela urte batzuk, inguruan alkoholikoren bat duten adin txikikoen beharrei erantzuna emateko. «Azken finean, uste duguna baino jende gehiagok pairatzen du alkoholismoaren eragina», aitortu dute.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend