Lourdes Txikiko eremua horrela dago gaur egun. (Argazkia: Haritzalde)
Hemezortzi hilabete igaro dira ehun urtetik gorako haritzak zituen baso babestua moztu zutenetik Lourdes Txikin. Lursaila lehengoratu eta birmoldatuko zela iragarri zuten, baina bere horretan darrai. Landaketarako sasoia iristear dagoela, agindutakoa betetzeko eskatzen dugu.
Dagoeneko urte eta erdi pasa da 2017ko apirilean, Aste Santuan alegia, Ekintza Ikastola gaineko basoa, 20.000 metro koadro zabal, erabat soildu zutenetik. Triskantza hura egiteko, hain malkartsua den eremuan, gainera, ia kilometro bateko pista-sarea ireki zuten, lurzoru galera eta higadurari bidea emanez. Haritzaldek zein Eguzkik basakeria hura publikoki salatu genuen.
Gezurra badirudi ere, Kontxako pasealekutik bertatik ere ikusten den soilketa Donostiako Udaleko Hirigintza «Iraunkorra» deituriko sailak berak sustatu zuen. Udal Planeamenduak babestuta zegoen basoaren mozketa, ehun urtetik gorako haritzak zituena, gainera, zegokion Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimenik gabe burutu zen eta, horregatik, aldundiak berak lanak gelditu behar izan zituen, zigor espediente bat irekiz. Antza denez, isunaz gain, pistak lehengoratzeko eta lursaila birlandatzeko agindua luzatu omen zien jabeei. Egun, ez dakigu zenbatekoa izan zen zigorra eta ordaindu den ala ez, baina agerian da zoragarria zen eremu hura berreskuratzeari ez diotela ekin. Aurreko negua landaketarik gabe joan zen, datorrenerako ordea garaiz daude. Guk behintzat ez dugu besterik espero.
Egia da urteak zirela Ekintzatik kexaka zebiltzala tarteka erortzen zirelako harriak, adarrak eta, gutxienez, behin, zuhaitz bat. Orduan udalak umeentzat zegoen arriskuaz jabetuta, arestian aipaturiko zentzugabekeria ahalbidetu zuen. Ikastola gaineko lehen 50 metroko gerrikoaren soilketa eta lurzoruaren egonkortze eta euste lanak agindu zituen. Enpresak, ordea, ia 100 metroko gerrikoa soildu zuen, pista andana irekiz. Ondorioz, luizi, harri erorketa eta higadura arriskua desagertu ordez, areagotu egin da.
Zergatik 50 metro eta zergatik dena moztu? Zergatik ez zituen gerora lanak zaindu? Ehun urtetik gorako haritzak zituen baso babestuaren triskantzak iraun bitartean, non zegoen udala? Gelditu ziren zuhaitzak aldundiaren zaintza-lanari esker mantendu dira. Enrique Ramos zinegotzia aitzakiz aitzaki ibili da, basakeria justifikatu nahian, eta, hortaz, Haritzaldek haren dimisioa eskatzen du.
Nolanahi ere, udazken-negu giroan sartuta gauden honetan, eremua lehengoratzea eta bertako espeziekin birlandatzea espero dugu. Udalak zein aldundiak isun eredugarriak jarriko zituztela pentsatu nahi dugu, eta Donostiako Udalak lursailak planeamenduan zuen babes-maila mantenduko duela sinestu nahi genuke.