Ekain Arte Lanak galeriako Rita Unzurrunzaga, Parte Zaharreko Ormazabal tabernan. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Arteaz inguratuta aberasten dela dio Rita Unzurrunzagak, Ekain Arte Lanak galeriako arduradunak. Izugarri gozatzen du bere Parte Zaharreko espazioan, artelanen artean.
Zergatik aukeratu duzu Ormazabal taberna?
Iruditzen zait betiko taberna bat dela, nortasuna baduela. Barra ez daukate pintxoz josita turistak erakartzeko;?gauzak beti egin diren bezala egiten dituzte. Lehen, familiak Konstituzio plazako Lanbroa taberna zuen, eta nire galeriaren ondoan zegoenez, hortxe hartzen nuen kafea, eta horrela ezagutu nituen jabeak. Nolabait sentitzen dut familiakoak direla.
Zure galeria Parte Zaharrean dago. Aldaketa handia sumatu duzu azken urteetan?
Nabaritu dudana da Donostia mapa gastronomikoan kokatuta dagoela, eta gero eta jende gehiago etortzen dela. Duela gutxi hasi naiz ikusten turista taldeak aterki bat edo mikrofono bat daraman gidari baten atzetik. Parte Zaharrean hamahiru urte daramazkit eta hori ez dut orain arte ikusi. Uste dut gero eta turista gehiago etorriko direla, eta boom horrek baduela bere prezioa. Udalak gastronomiaren aldeko apustu handia egin du, eta iruditzen zait jatetxeak eta tabernak ez ditugunok ez gaituztela babesten.
Jasangarria da arte galeria bat izatea?
Ez naiz ostalariak bezainbeste aberastuko [barrez]. Ez daukat anbizio ekonomiko handirik; diruari begiratuko banio ez nintzateke ofizio honetan egongo. Aberasten naiz arteaz inguratuta nagoelako. Artistekin dudan harremana dirua baino gehiago da. Nire ofizioa maite dut, nahiz eta batzuetan miraria iruditzen zaidan galeria irekita edukitzea… Urteak hamabi hilabete ditu eta denetan ez da berdin saltzen, baina bueno. Izan ditut une txarrak eta pentsatu dut, ‘ontzi hau hondoratu egingo da’. Diru kontuekin beldurrak izaten ditut, baina zeinek ez?
Nondik datorkizu artearekiko zaletasuna?
Aitona, Patxi Unzurrunzaga, Mari kalean jaio zen. Itxaropena argitaletxea sortu zuen, eta harreman estua izan zuen Oteizarekin, Txillidarekin eta hemengo beste hainbat sortzailerekin. Ondoren, nire osabak, Juan Kruz Unzurrunzagak, Ekain galeria ireki zuen. Harentzat hirugarrena zen Donostian. Gogoratzen naiz gaztea nintzela Askatasunaren hiribideko Altxerri galeriara joaten nintzela. Garai hartan han zegoen. Ondoren, Erregina Errejentera joan ziren, baina azkenean nire osabak bere kabuz ireki zuen bere galeria, Ekain. Bestalde, nire ama Alemaniakoa da, eta txikitatik beti bidaiatu izan dugu Dusseldorfera. Artean tradizio handia du hiriak. Artearekiko pasioa txikitatik jaso dugun hazitxo bat izan da. Askotan joaten ginen museoetara. Oroitzen dut 5 urte nituela Parisko Centre Pompidoura joan ginela. Daliren erakusketa bat zegoen. Ez da nire artista gogokoenetakoa, baina hunkitu egin nintzen. Horren surrealista eta poetikoa zen ikusi nuena…
Espero zenuen arte galeria batean lan egitea?
Uste dut iman bat dudala nire ingurura artistak erakartzeko. Nik berez itzulpengintza ikasi nuen. 20 urterekin Berlinera joan nintzen bizitzera, eta han izan nintzen hamazazpi urtez. Urte askoan itzultzaile lanak egin nituen euskal enpresentzat. Inguruan izan dudan jendea oso sortzailea izan da, asko dabiltza artean eta musikan. Artista batzuek sortutako elkarte batean ere lan egin nuen jaialdi bat antolatzen. Berlin sekulako eskola izan zen niretzat.
Zure osaba hil zenean, bere lekukoa hartu zenuen Ekainen.
Nire osabak nahi zuen ni etortzea, berak erretiroa hartzeko. Ni Alemanian haurdun nengoela, esaten zidan etortzeko: ‘Zer egiten duzu han horren urruti? aukera daukazu hemen’… Nire alabak sei urte zituela etorri nintzen, beraz itxaron egin zidan. 2005ean etorri nintzen, eta hil zenean, 2009an, erreleboa hartu nuen. Pena da betiko joan zelako, eta ezin izan zuelako gure artean geratu.
Krisi garaia egokitu zitzaizun bete-betean.
Ez dira urte errazenak izan [barrez]. Osabak artisten kontaktuak utzi zizkidan, eta bere arte bilduma ere hor zegoen. Hizkuntza asko jakiteak ere asko lagundu dit. Asiako jende asko etortzen hasi da Donostiara. Eurekin ingelesez moldatzen naiz. Egia esateko, turistei esker gaude oraindik zutik. Ez dut ezer euren kontra, baina kezkatuta nago, asko direlako. Guk 2005ean ez genuen kanpoko bezerorik. Adreiluaren booma izan zen eta jendeak beste era batera kontsumitzen zuen, hori ere egia da.
Kostatzen zaigu arte galerietan sartzea?
Uste dugu galeria batean sartzeagatik zerbait erosi egin behar dela, baina ez dago konpromisorik. Saiatzen gara ekitaldiak egiten jendea lasai sartu eta galeria ikustera etortzeko. Galerian baditugu 30 euroko piezak ere. Artea eskuraezina dela uste du jendeak, baina badaude gauzak.
Ez dugu artea erosten, ohiturarik ez dagoelako. Haurrekin tailerrak edo antzerkiak egiten ditugu umeek txikitatik sentitzeko artearen magia edo xarma hori. Bidea egiteko modu bat da, beharrezkoa baita jarrera eta ohitura batzuk sortzea.
Kultur zinegotzi izango bazina zer egingo zenuke?
Saiatuko nintzateke ekitaldi gehiago egiten kalean. Bilbon, esaterako, Museoen gaua egiten dute, eta galeriek ere parte hartzen dute. Pintxo tour horietatik atera, eta artearen alde ere egin behar da! Hemen, Donostian, artisten maila oso ona izan da betidanik. Tradizio handia dago eskulturan zein pinturan. Galeriaren izena bera ere kobazuloengatik da. Hor dauden margolanak pentsa noizkoak diren!
Artea eskuragarriago egiten saiatu behar dugu, kalera atera. Ez da horrenbeste diru behar horretarako. Sormenak ez du mugarik, beraz jendeari utzi behar zaio espazio bat sorkuntzarako. Oso instituzionalizatua dago artea, artea kalera atera behar dela uste dut. Iruditzen zait dena dela Tabakalera edo Kutxa Kultur. Lehen bagenuen Arteleku. Han egiten ziren litografia eta eskultura tailer horiek ez dakit non geratu diren. Espiritu hori falta da, sortzaileei espazio bat ematea euren artean sareak sortzeko, aukerak izateko.
Artean zer interesatzen zaizu?
Jose Luis Zumeta eta Juan Luis Goenagaren proposamenak asko gustatzen zaizkit. Momentuan gertatzen ari zaiena sortzen dute; hemengo biografia bat dira euren obrak. Artelanek legatu bat uzten dutela uste dut. Artelanak denboran geratzen dira, eta balioa mantentzen dute, nahiz eta denbora pasa. Zuk ikusten duzu duela 40 urte sortutako lan bat eta oraindik hunkitzen zaitu. Zineman ere gertatzen da. Bere garaiaz harago, artelan on batek beti du bere elkarrizketa eta mezua.
Ez da erraza izango talentu berriak aurkitzea.
Zaila da, baina topatzen dituzunean gozamena da. Aukera bat eman diozu hasiberria den pertsona horri, eta gero emaitzak ikusten dituzu. Asko gustatzen zait artistak ezagutzea, euren unibertsoa ezagutzea. Artista bakoitzak ate bat zabaltzen dit bere mundura, eta hori izugarria da. Hori da gehien kateatzen nauena. Koldobika Jauregiren lanak bereziki hunkitu nau, Zumeta txikitatik ezagutu dut, baita Goenaga ere. Txikitan Oteiza ezagutu nuen, Zarautzen bizi nintzelako. Izugarria zen, jeinu bat. Artistak ikusten nituen nire inguruan txikitatik eta nabaritzen zen euren artista izaera. Distira berezi hori sumatzen nuen.
HAMABIETAN BERMUTA. Piper betea eta ardo beltza.
Non. Ormazabal taberna. Abuztuaren 31 kalea, 22 (Parte Zaharra).
Prezioa. 4,10 euro.