Edurne Otamendi eta Idoia Trenor, Euskaraldiko talde motorraren mahaian. (Argazkia: Beñat Parra)
Donostiako Udalak eta Bagera Elkarteak osatzen dute Donostiako Euskaraldiko talde motorra, eta taldea bildu ohi den mahai berean bildu gara, Idoia Trenorrek (Bagera elkartea) eta Edurne Otamendik (Udaleko euskara zerbitzua) Euskaraldia zer den azaldu dezaten.
Zer da Euskaraldia?
Edurne Otamendi (E.O.): Euskaraldia euskara gehiago erabiltzeko ariketa edo esperimentu bat da. Datuek, bai ezagutza datuek eta baita ulermen datuek ere, argi erakusten dute euskaraz egiten dena baino askoz gehiago egin daitekeela. Izan ere, donostiarren %66a gai da euskara ulertu edo hitz egiteko, beraz, guzti hori martxan jarriko bagenu, pentsa euskararen erabilera zenbat areagotuko litzatekeen. Euskaraldia, aukera eta ulermena dagoen guztietan euskara erabiltzeko saiakera bat da; erakunde eta entitateen babesarekin herritarrak protagonista izango dituena.
Idoia Trenor (I.T.): Horretarako hamaika egun izango ditugu, azaroaren 23tik abenduaren 3ra. Guzti hau 2016an Egian egindako Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako egitasmotik dator. Bertan, horrelako esperientzia bat egin zuten bi astez, eta oso emaitza positiboak izan zituzten. Lekukoa hartu zuen Agurainek, Lasartek ahobizi eta belarriprest figurak sortu zituen, eta abar. Hedatzen hasi zen, eta Euskaltzaleen Topaguneak eta Eusko Jaurlaritzak proposamen bat prestatu zuten , egitasmoa Euskal Herrira zabaltzeko.
Zein da Euskaraldiaren helburua?
I.T.: Euskaraldiaren helburua euskara gehiago hitz egitea eta egunerokoan ditugun inertziak edo hizkuntza ohiturak aldatzea posible dela ikusaraztea da, hau da, gure kontzientzietan klik batzuk sortzea.
E.O.: Txip aldaketa bat egitea da helburua. Inertziak aldatzea oso garrantzitsua da, inertziak eta gehiengoak eramaten gaituelako errazenera, gaztelania erabiltzera, alegia. Euskara egiteko dauden aukerak aprobetxatzea da helburua, beti ere, inori ulermena ukatu gabe.
Nolakoa da Euskaraldia antolatzen ari zareten eragile guztien arteko elkarlana?
I.T.: Euskal Herri mailan erakunde publikoak eta herri eragileak ari dira elkarlanean, baina, Donostian, udala eta Bagera elkartea ari gara. Talde motor bat sortu genuen hau antolatzeko, eta badaude beste hainbat eragile ere lanean. Astero biltzen da talde motorra, non, Bagerako kideak eta udaleko Euskara Zerbitzuko eta partaidetza arloko kideak dauden. Bestalde, hilean behin Batzorde Eragilea biltzen da, eta bertan talde motorreko kideak, merkataritza eta ostalaritza arlokoak, Aldundikoak, euskaltegiak eta ikastetxeak daude, besteak beste.
Nolakoa izaten ari da jendearen harrera?
E.O.: Oro har, nik uste dut oso ona izan dela, aurkeztu dugun toki guztietan jendeak oso harrera ona egin baitio Euskaraldiari. Jendeari oso egitasmo interesgarria iruditzen zaio, izan ere, nik uste dut denok dugula buruan egiten duguna baino askoz gehiago egin dezakegula euskaraz.
I.T.: Euskararen aldeko egitasmoak askotarikoak dira, eta ilusioa sortzen dute. Baina honek badu elementu berritzaile bat: norbanakoak egin beharreko zerbait dela, baina modu kolektibo batean.
Zein jarduera egingo dituzue Euskaraldian?
I.T.: Euskaraldia ez da kanpaina bat, baina Euskaraldiaren prestakuntzaren barruan fase desberdinak daude. Lehenengoa ezagutzera ematea izan zen, auzoetan eta hirian egin ziren aurkezpenen bitartez. Baina, bigarren fase hau izen ematea sustatzean datza. Izan ere, ez da txapa bat jartzea eta listo, aktiboan parte hartzeko hautu bat egitea da. Hautu horrek ekintza bat eskatzen dizu, eta ekintza hori izen ematea bera da. Bertan, zuk aukeratzen duzu ahobizi edo belarriprest izan nahi duzun. Herritarrari hori eskatzen zaio, izena ematea, baina horretarako sustapen lana egin behar da, eta baita jendea xaxatu ere.
E.O.: Horretaz gain, ariketa honek ere baditu bere zailtasunak. Hau da, ez gaude txipa hain erraz aldatzeko prest. Prestakuntza minimo bat behar da, eta prestakuntza saio batzuk egingo ditugu. Garrantzitsua da bakoitzaren ohiturak aldatzea, baina baita aldamenekoarekin ditugun ohiturak ere, oso ohikoa baita bi pertsonek euskaraz jakin arren, elkarren artean erdaraz hitz egitea.
Zer espero duzue lortzea ahobizi eta belarriprest figurekin?
I.T.: Adituek esaten dute ahobizi batek euskaraz bizi ahal izateko, hiru belarriprest behar dituela bere inguruan. Donostian, esaten da lehenengo hitza beti euskaraz egingo bagenu, euskararen erabilera hirukoiztuko litzakeela. Datuek esaten dute donostiarren ia %16ak kalean euskara erabiltzen duela, eta %66ak ulertzen duela. Beraz, nire ilusioa Donostian ahobizi eta belarriprest asko lortzea da, euskararen erabilera hirukoizteko, hain zuzen.
E.O.: Euskaraldiarekin lortu behar dugu euskaraz bizitzeko edo ahobiziak izateko hautua hartu duten pertsonak erosoago bizitzea, onarpen handiagoarekin eta estresik gabe. Elkarrizketa elebidun batean ere eroso sentitzea lortu behar dugu, askotan belarriprestak ere deseroso sentitzen baitira bestea deseroso sentiarazten dutelako. Azken finean, erosotasuna lortzea da helburua, baita euskara gaitasun desberdineko pertsonen artean ere.
Zergatik hartu beharko luke parte jendeak Euskaraldian?
E.O.: Nik uste dut esperientzia polit bat izango dela elkarbizitzarako. Uste dut orain dagoena baino euskararen onarpen maila askoz handiagoa lortu dezakegula honen bidez. Beti hitz egiten dugu normalizazioaz, eta hori horrelako bideetatik etorriko da. Izan ere, euskararen normalizazioa euskara eginez eta erabiliz lortuko da. Horretarako, denok gure partetik zerbait jarri behar dugu.
I.T.: Nik jendeari esango nioke ilusioz abentura honetan parte hartzeko. Eta baita geure buruak frogan jartzeko balioko duela ere, norberak ikusteko non egiten duen euskaraz eta non ez, askotan zure buruarekin berarekin harritzen baitzara. Gainera, froga egiteagatik ez da ezer galtzen.