Kiroldegi bateko harrera postua. (Argazkia: Donostia Kirola)
Donostia Kirolak Enplegu Publiko Eskaintza onartu du. Guztira, 27 plaza eskainiko dituzte, hau da, erakundearen historiako Enplegu Publikoko Eskaintza handiena. Aurreko urteetan egon diren murrizketa legalek erakundearen plazen %40 inguru bitarteko pertsonalarekin beteta izatea ekarri du.
Plazen kopuru handiena, 22, udal kiroldegietako harrera eta instalazioko kontroleko postuetarako izango da (plaza horietako bat barne sustapenaren bidez beteko dute). Lanpostu horietarako eskatuko dute batxilergoko titulazioa eta bigarren hizkuntz eskakizuna. Horretaz gain, administrarien bi plaza eskainiko dituzte, kirol jardueretako erdi mailako teknikaria, goi mailako tekniko ekonomikoa eta tekniko juridiko baten plazak ere eskainiko dituzte. Eskainitako plazen kopurutik, elbarritasunen bat duten pertsonentzat bi plaza gordeko dituzte.
Aurkezteko baldintzak eta hautaketa prozesuko ezaugarriak lanpostu bakoitzeko deialdian zehaztuko dituzte, donostiakirola.eus webgunean argitaratuz. Aurreikusita dagoen lehen deialdia harrerakoena da, eta prozesua 2019. urtean zehar garatuko dute.