90 urteko bidea, abestiz abesti
Parte Zaharreko Santa Zezilia abesbatzak bederatzi hamarkada daramatza konturatzerako, musika sakroa eta euskal folklorea zabaltzen. Gizonen koru gisa jaio zen arren, 1970ean emakumeen ahotsak ere batu zitzaizkien, eta ordutik kantuan diraute.
Urtero ospatzen du Santa Zezilia eguna Parte Zaharreko izen bereko abesbatzak. Aurtengoa, ordea, oraindik bereziagoa izango da, koruak 90 urte bete baititu. Azken urteetan, udaletxean kontzertu bat eskaini izan dute azaroaren 22aren bueltan, Udal Txistulari Bandarekin batera. Igande honetan ere hala egingo dute, 12:00etan, eta Donostiako Talde Barrokoa ondoan izango dute. Bide batez, Luis Udakiola omenduko dute, txistulari, biolinista eta Talde Barrokoaren sortzaileetako bat.
Inocencio Gaztelumendik sortu zuen Santa Zezilia abesbatza, 1928an. Hasieran, gizonek bakarrik osatu zuten, baina emakumeen ahotsak ere sartu zituzten 1970ean, eta abesbatza mistoa izatera igaro zen. Hala, 90 urteko ibilbidean, aldaketa nabarmenak bizi izan ditu koruak, baina beti jarraitu dute musika sakroa eta euskal folklorea zabaltzen. Sariak ere jaso izan dituzte, elkarlanean aritu izan dira beste abesbatza batzuekin, eta hauek nabarmendu dituzte: Donostiako Conductus Ensemble Abesbatza, Tolosako Arimaz Orkestra, eta Berlingo Akademishes Orchestra. Gainera, azken hiru urteetan akordioa dute Errenteriako Andra Mari Abesbatzarekin. Horrela, elkarrekin parte hartzen dute Donostiako Musika Hamabostaldian eta Errenteriako Musikasten: «Lankidetza horri esker, abesbatzak aukera izan du musika korala zabaldu eta izen handiko orkestra eta zuzendariekin lan egiteko».
Egun, 40 lagunek osatzen dute taldea, eta emakumeak gehiago diren arren, haien joan-etorria ere handiagoa dela diote. Kepa Martinez de Albeniz da zuzendaria 2009tik; eta presidentea, Miren Albisu, 2006tik.
Auzotik auzora
Abuztuaren 31 kalean izan du betidanik entsegurako lokala Santa Zezilia abesbatzak. 2010eko abenduan, ordea, egoitza hori saldu egin behar izan zuten, bizilagun baten kexen ondorioz: «Ez genuen hiriaren erdialdean jarraitzeko lokal bat erosteko nahikoa diru, beraz, urrundu egin ginen. Kontzertuetatik ateratzen dugun diru gutxia eta koralisten kuotak dira ditugun diru sarrera bakarrak». Errondo kalean dute orain egoitza, eta pozik dauden arren, Parte Zaharretik urruntzeak pena eman die. Halere, parte hartzen jarraitzen dute Santa Ageda bezperan, baita Abuztuaren 31ko sarraskiak oroitzen dituen ekitaldietan ere.