Carles Mora, Arenys de Munteko alkate ohia.
Bera alkate zela, Arenys de Munt independentziaren inguruan bozkatu zuen lehen herri katalana bilakatu zen 2009ko irailean. Loteslea ez izan arren, galdeketak berebiziko garrantzia izan zuen, Katalunian izandako prozesu politikoari bide eman ziolako. Carles Mora (Arenys de Mar, 1955) institutuko irakaslea da orain.
Nolako galdeketa izan zen?
Erreferendum ofiziala izango balitz bezala, herritarrei galdera bakarra egin genien: “Katalunia Europar Batasuneko zuzenbidezko estatu independente, demokratiko eta sozial bat bilakatzearekin ados zaude?”.
Etorkinei eta hamasei urtetik gorako gazteei ere bozketan parte hartzeko aukera eman nahi izan genien, eta gauzak oso ondo atera ziren. Esan beharra dago emaitzak onak izan zirela. Guztira, herritarren %41ek bozkatu zuen, eta baiezkoak %96arekin irabazi zuen.
Zein helbururekin egin zenuten?
Gure helburu nagusia nazio mailako galdeketa lotesle bati bidea egitea zen. Horretarako, bi gauza bilatu genituen: batetik, horrelako egitasmo bat antolatzea posible zela erakustea, eta bestetik, independentziaren alde zegoen jende kopurua ezagutzea.
Arenys de Munt nahiko txikia denez (8.500 biztanle), guk bakarrik ezin genuen datu adierazgarririk eskaini, baina beste herrietan ere galdeketak eginez biztanleriaren iritzia zein izan zitekeen aurreikusi genezakeen. Gu galdeketa egiten ari ginen bitartean, inguruko beste hemezortzi herritan hasiak ziren beraienak antolatzen. Horiei, gerora, 500 herri baino gehiago batu zitzaizkien. Nolabaiteko domino efektu bat sortzea lortu genuen.
Herritarren laguntza izan zenuten?
Bai, noski. Herriko biztanle eta eragileen laguntza ezinbestekoa izan zen prozesu osoan zehar. Galdeketa antolatu zuen batzordeko parte izan ziren, eta kale mailako eguneroko zereginetan ezin hobeto ibili ziren.
Oztopoak ere izan zenituzten, ordea.
Galdeketaren egunean, egunkari ezagun batek “Arenys de Munt, Kataluniako hiriburua” idatzi zuen bere azalean. Kataluniako independentziaren lantzaren punta bilakatu ginen. Baina, gaiaren oihartzunak, noski, arazoak ere ekarri zizkigun.
Batetik, PPren eta Ciudadanosen kexei erantzunez, estatuko abokatutzak galdeketan laguntzea erabat debekatu zion udalari, besteak beste, lokal publikoen erabilera saihesteko. Bestetik, Falangeko kideak gauero etortzen hasi ziren galdeketaren aldeko herritarrei eta saltokiei mehatxuak egitera. Bi hilabetez ibili ziren horretan, eta gutako askok jasan genituen. Niri, adibidez, autoa lapurtu zidaten, eta gauero telefonoa deskonektatu behar genuen, jasotzen genituen etengabeko deiekin umeak beldurtu ez zitezen.
Zorionez, falangisten erabaki latz horrek Kataluniako eta kanpoko jende askok herriari babesa adieraztea ekarri zuen, eta diskretua zirudien galdeketari egundoko protagonismoa eman zion. Dena ederki atera zen.
2017ko urriaren 1ean beste behin bozkatu zenuten. Nola bizi zenuten egun hori herrian?
Hautetsontziak herritarren etxean genituen gordeta, eta goizean herrian zehar egindako korridore oso zirraragarri bat jarraituz hauteslekura eraman genituen. Hamarrak aldera, ordea, inguruko herrietako irudi izugarriak jasotzen hasi ginen, eta poliziaren bortizkeria ikusita, hor geunden milaka herritarrak hautetsontzien defentsarako prestatu ginen. Zorionez, ez ziren gurera heldu.
Egun horretan gertatutakoarekin, garbi ikusi nuen herria antolatua egotea nahikoa zela independentzia era baketsu eta demokratikoan lortzeko.
Gure Esku Dagoren galdeketa prozesuaren berri izan al duzue?
Horrelako gaien inguruan adi gabiltzanok jarraitu dugu, baina esan beharra dago Katalunian jendeak ez duela ezagutu. Hedabideek filtroak ezarri dituzte gure arteko harremanak ez indartzeko eta erabakitzeko eskubidearen aldeko egitasmoak isilarazteko.