(Zubietako Iraultza Txikien Akanpadako solasaldietako bat. (Argazkia: Iñaki Agirre)
Ekintza eta estrategia anitzen abiapuntua izan ohi dira borroka moldeen inguruko eztabaidak herri mugimenduetan. Duela hilabete batzuk, Zubietan egin zen Iraultza Txikien Akanpadan, horren inguruan gogoetatzeko proposamena egin genuen Joxemi Zumalabe Fundazioko kideok. Aliantzak, gatazkak, biolentzia eta desobedientzia, borroka moldeen eremuan kokatuz gogoetarako talde interesgarria osatu genuen. Bakoitzak bere esperientziatik tiraka (borroka antiespezistan, feministan, ekologistan, presoen aldeko mugimenduan…) kezkak partekatu genituen. Eta batez ere, gatazka sozialen inguruko irakaspenetan sakondu genuen: konfrontazio egoeretatik ateratakoak, gatazka sozialak nola bizitu ditugun, gatazkak ulertzeko modu ezberdinak, gatazkak kudeatzeko moduak, gatazkak aztertzeko klabeak…
Gaiaren inguruan aritzeko leku berezia zen Zubieta, errauskailua bertan izanik, gure gizartea eraldatzeko (edo ulertzeko) eredu ezberdinen talkaren erdian geunden. Bizi-bizirik dagoen zaborren gatazkaren erdian, alegia.
Izan ere, gatazkez ari garenean, ikuspegien talkez ari gara, botere harremanez, aldaketa sozialak sortzeko aukerez eta baita herritarren zein erakundeen sakoneko egoera aztertzeko bideez ere. Gatazkak ezin baitira desagertu, ezkutuan edo agerian, beti izango baitigu bidean. Eta hauek aztertzeko tresnei zein etorkizunera begirako erronkei heldu nahiko genieke.
Mahai gainean dugun erronka bat izan daiteke, gaur egun Euskal Herrian gatazkak non eta nola gauzatzen ari diren aztertzea. Eta horretarako hemen galdera pizgarriak: giro sozio-politikoa nolakoa da gatazkei dagokionean? Tentsio politiko soziala jaitsi egin al da? Bake prozesuak nola eragin du herri mugimenduen ekintza eta estrategietan? Ezkerreko erakundeen instituzionalizazioak? Konfrontazioa estrategia moduan saihesten al dugu? Iraganeko borroka-logikek zein pisu dute gure egungo estrategietan? Gatazka berriak piztu al dira?
Begirada norberaren mugimenduaren egunerokora ekarriz, interesgarria litzateke hurbilen ditugun gatazken aje eta korapiloen inguruan hausnartzeko espazioak izatea; Zertarako? Gure eguneroko jardunean laguntzeko, iraganeko esperientziak jasotzeko zein etorkizuneko bidera begiratzeko. Eta beraz, gatazken aurrean gure mugimenduaren estrategian pausatzeko galderak egitea litzateke bigarren erronka. Hemen adibide batzuk: Zeintzuk dira bizitzen ari garen gatazken sakoneko arrazoiak? Zein(tzuk) d(ir)a gure estrategiaren helburua(k)? Zer nolako aukerak eta baliabideak ditugu aurrera egiteko? Eta nolako testuingurua dugu, zer giro dago? Nortzuk bildu gara gatazka hori ikustarazi nahian? Nortzuk ez daude? Gatazka hori gorpuzten dugun pertsonak gaude? Nolako eraginak izan ditzake, zertan eragiten du? Arau soziala edo legeak eraldatzeko gaitasuna al dugu? Eta berriak sortzekoa? Eragin zuzenak al ditu pertsona batzuen egunerokotasunean? Zein bide erabiliko dugu etorkizunean izan ditzakeen ondorioak kolektiboki kudeatzeko?
Herri mugimenduen ekintzak eta jarduna birpentsatzeko hamaika kezka, korapilo eta proposamenei heldu genien Zubietan, eta galdera ugarirekin joan ginen etxera. Aktibismorako estrategiak pentsatzen, proposatzen eta adosten ari garenean horien iraunkortasuna, eraginkortasuna eta aldaketarako gaitasuna aztertzea interesgarria izan daitekeelakoan gaude. Guk botatako galderak erabilgarriak suertatuko zaizkizuelakoanskerrak hemendik, Zubietako tailerrean parte-hartu zenuten herri mugimenduetako kideei!