(Argazkia: Hiru Damatxo)
‘Belarriprest’ gisara parte hartuko du Euskaraldian Jokin Aperribaik (Deba, 1966). Enpresaria da, eta 2008az geroztik Realeko presidentea. Talde txuri-urdinak euskararen aldeko apustu garbia egiten duela azpimarratu du.
Zer da euskara zuretzako?
Nire haurtzaroko hizkuntza da. Euskarak nire haurtzarora eramaten nau eta hori hunkigarria da.
Txikitan euskaraz ikasteko aukerarik izan zenuen?
Eskolan ez nuen euskaraz ikasteko aukerarik izan. Hala ere, familia eta lagunekin aritzen nintzen ahal nuen moduan.
Ikasteko aukera izan ez bazenuen, damutzen zara horretaz?
Noski. Euskaraz normaltasunez hitz egitea gustatuko litzaidake, baina tamalez ez daukat gaitasunik elkarrizketa arin bat izateko.
Zuk esana da euskara ondo ulertzen duzula eta euskarazko hitz gutxi batzuk erabiltzen dituzula. Zeintzuk dira?
Eguneroko bizitzan maiz erabiltzen diren hitz horiek erabiltzen ditut. Baina, esan bezala, elkarrizketa natural bat euskara hutsean emateko zailtasunak ditut.
Anai-arrebekin eta seme-alabekin euskaraz hitz egiten saiatzen zara?
Egia esan, gehiago egin dezakedala uste dut.
Realean euskarak zer nolako lekua duela uste duzu?
Realean apustu garbia egiten dugu euskararen alde. Gure konpromisoa erabatekoa da.
Azken urteetan, Realaren euskarazko komunikazioa nabarmen hobetu da. Garrantzitsua da hori?
Oso. Alde horretan hobetzeko beharra genuen eta uste dut aurrerapausoak ematen jarraitzen dugula. Eredu izan behar gara zentzu horretan ere.
Halere, Realetik oraindik euskararen alde gehiago egin daitekeela uste duzu?
Bai, noski. Gogor lan egiten jarraituko dugu.
Euskaraldian parte hartuko duzu, eta ‘belarriprest’ izatea erabaki duzu. Zergatik?
Nire euskara maila ez da nahiko nukeena bezain ona, eta horrelako ekimenek nire egoera berdinean gaudenei asko laguntzen gaitu.
Euskaraldiko hamaika egunak nola biziko dituzu?
Belarriprest gisara, pertsona desberdinekin hitz egiten eta ikasten. Adibidez, mintzodromora joateko asmoa daukat.
Etorkizunean euskaraz ikasteko asmoa duzu?
Bai, euskaraz ikasten jarraitzeko asmoa daukat. Bultzada eman nahi diot nire euskarari.