Markel Ormazabal: 'Autonomiaren trebatzeko, herri galdeketa'
Autonomia balio preziatua da. Modan dago, baina Eduardo Apodakak ohartarazi bezala, norbere buruaz bakarrik arduratzearen zentzuan dago modan. Garaiotako lelo ideologikoetako bat da, hain zuzen ere, “zure buruaz ardura zaitez eta ahaztu ingurukoa”. Autonomia besteren beharrik ez izatearekin identifikatu dugu.
Autonomia eskasa dugulako ez ote den norberaren autonomia ageriko balio erretoriko bilakatu. Apodakaren hitzetan, izan ere, norberaren autonomia lorpen ahula eta hauskorra da. Autonomia besteren beharrik ez izatea baino, behar horretan sortzen baita. Gizaki autonomo hori ez da bakarrik bizi, ez ditu bakarrik hartzen erabakiak. Gizakia besteekiko harremanez sozializatu eta heltzen da, gizarte horrek moldaturik hazten da. Eta beharrak irakasten digu pertsonen arteko gatazkak kudeatzen, harreman zailak eramaten, ataka gaitzetara egokitzen. Autonomia, finean, inguru sozialetan nork bere burua eramaten jakitea da. Autonomia indibidual horietatik, hots, norbanakoak duen besteren beharretik, sortzen da autonomia kolektiboa.
Gaurko aldaketen bizkorrak, gaurko egitura material eta ideologikoen gainbeherak, etorkizun hurbila garai erabakigarri egin dute. Eta erabakitzeko ahalmena duten komunitateek eutsiko diete ongien ate joka ditugun erronkei. Ezagutzaren gizartea deiturikoan, baina, eta hona hemen paradoxa, arazoa erabakitzea da. Ez dakigu zer erabaki behar dugun, zein diren irizpideak, zein helburuak, ez bederen, artekari, aholkulari edo adituen gidaritza gabe. Heteronomiak bizi gaitu. Gure bizitza besteren batek arautuko duela pentsatzea da heteronomia, besteren batek aginduko duela.
Horiek horrela, nork bere burua goberna dezan, norberaren autonomian ez ezik, autonomia kolektiboan ere trebatu beharko du. Gure bizitza antolatu nahi baldin badugu, eta igandeko herri galdeketan parte hartuz lege heteronomoen kontra mugitzen baldin bagara, orduan, autonomia kolektibo hori handitzen eta areagotzen hasi gara.