Izarne Zelaia: 'Etenen joskura'
Lourdes Iriondok «gazte gara gazte ta ez gaude konforme» kantatzen zuen 60ko hamarkadan. Zentsuratik libratu ez bazen ere, Iriondok adierazi nahi izan zuen gauzak aldatzeko grina hark izango zuen segida ondorengo euskal gazteengan ere. 1979an sortu zen Jarrai gazte erakundea. Gerora etorriko ziren Haika eta Segi, errepresio eta ilegalizazioak pairatu behar izan zituztenak.
Baina ez nator ni historia idaztera. Gazte antolakunde baten parte izateak pertsonan zer eragin duen da mintzagai hartu nahi izan dudana.
Nerabezaroan, besteen onarpena bilatzen dugun garai horretan, talde baten parte sentitzeko behar handiena dagoen garaian, orduantxe hasi ginen militatzen. Taldeko parte sentitzeko isilduko genuen desadostasunik seguru asko. Militantzia kideen adar jotzeak agoantatzen ere ikasi genuen, eta koraza bat eraikiz aurrera egiten. Baina orain, atzera begira, nerabezaroko lotsa momentu eta isilune haiek pixkanaka ikasketa prozesu etengabean eraldatu zirela ohartzen naiz.
Lehenengoz hartu genuen kotoia eta tinta eta ikasi genuen pankartak egiten. Ikasi genuen zer zen haima bat. Eta autoak ez zirela kotxeak bakarrik. Gure lehen bidaiak egin genituen Estrasburgora eta Bruselara. Elkar maitatu eta desagerrarazten sentitu genuen. Inguruko kaleak husten sentitu genituen, eta ikusi genuen lagunen etxeetara Guardia Zibila sartzen. Lagunen zauriengatik negar egin eta beldurra kudeatu behar izan genuen. Tentsioa hezurretan tenkaturik sentitu genuen polizia atzetik korrika genuela. Espainiako kartzeletara joan ginen bisitan. Lehenengoz egin genuen gose greba. Hamarnaka aldiz egin genituen itxialdiak eta bide mozketak. Batzar baten erdian eskua altxa eta autodeterminazioa zer zen galdetu genuen. Manifestaldietan oihu egiten hasi ginen. Fakultatean eman genuen mitin bat lehenengoz. Jende aurrean hitz egiten ikasi genuen. Eta irakasleekin negoziatzen.
Herri bat eraiki nahian eraiki genituen gure buruak. Pertsona gisa hazten lagundu zigun eztabaidetan ikasitakoak, edukiagatik baino, eztabaidatzen ikasteagatik beragatik. Hitza hartzen ikastearekin bat hasi ginen sinisten gure iritzia bazela zer.
Ez dakit elkar zaintzen asmatu ote genuen. Baina elkarrekin hazi ginen eta elkarrekin bizi izan genuenak ekarri gaitu gaurdaino.
Irrikan nago larunbata iristeko: 40. urteurrenaren aitzakiapean elkartuko gara Egiako atzoko eta gaurko gazteok. Gaurkoei, zaintza erdigunean jarrita gazte izaten jarraitzea opa diet, eta ez daitezela sekula konformatu. Dena den, zer arraio, nostalgiak alde batera utzita, larunbatean hitz egingo dugu aurrez-aurre, eta etengabe eten izan den transmisio hori berriz josteko aletxoa jarriko dugu. Aurrera bolie!