'Artikoa hausten ari da' erakusketa jarri dute Alderdi Ederren
Alderdi Ederren ikus daiteke Artikoa hausten ari da erakusketa ibiltaria. Argazki bilduma bat da, eta iparburuko ekosistemen funtsezko eginkizuna ezagutzera emateaz gain, eskualde polarra babestearen garrantziaren inguruko kontzientzia piztu nahi du.
Ekosistema baliotsu hauek hurbilagotik ezagutzeko eta duten garrantzia hobe ulertzeko, erakusketa lau alorretan banatu dute: klima artikoa, bizitza muturreko egoera batean, gizakiaren aztarna eta iparraldeko argiak. Hain zuzen, Artikoko giro izoztua islatzen duen espazio esklusibo eta berritzaile batean ikusi ahalko da.
Obra Social La Caixa da erakusketaren sustatzailea, eta Andoni Canela argazkilariaren ehun argazki ditu. 2019ko urtarrilaren 12ra bitarte egongo da Alderdi Ederren. Astegunetako ordutegia ondorengoa da: 12:30etik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Asteburu eta jaiegunetakoa, berriz, honakoa: 10:30etik 14:30era eta 16:30etik 21:00etara. Gabonetan, ordea, ordutegia desberdina izango da. Abenduaren 24 eta 31n, 11:00etatik 14:00etara. Eta abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean, itxita.