Hamabietan bermuta, Harkaitz Canorekin
Imanol Lartzabalen pausoen atzetik ibili da Harkaitz Cano idazlea. Kantariaren bizitza oinarri hartuta, ‘Fakirraren ahotsa’ liburua argitaratu du. Haren leku kuttun bat aukeratu du aperitiboa hartzeko: San Martin kaleko Sebastopol taberna. Hamabietan bermuta atalera gonbidatu dugu aste honetako astekarian, eta ostiralean argitaratuko dugu elkarrizketa osoa.
Elkarrizketan azaldu digu zergatik aukeratu duen Sebastopol taberna. Hementxe aurrerapena:
Nola jakin duzu taberna hau Imanolen taberna kuttunetakoa izan zela?
Imanoli buruz idaztearen alderdi ona da Donostian oso ezaguna zela. Hainbat jenderekin hitz egin dut, eta batek baino gehiagok aipatu dit kalean asko ibiltzen zela, eta taberna giroan ere bai. Hemen inguruan, zentroan, asko ibiltzen zen, hemen, besteak beste. Nire susmoa da lekuak aukeratzen zituela izenaren arabera. Eta nire teoria da Paristik etorri zenetik Parisen arrastoak bilatzen zituela Donostian. Donostiak beti izan du pretentsio paristar hori. Taberna asko daude hirien edo lekuen izena daukatenak. Sentsazioa da bidaiatu ezin duzunean, mikro bidaia bat egiteko modua dela izen berezia duen tabernara joatea. Ni ez naiz bereziki asko etortzen hona, baina bada leku klasiko bat. Kristaleratxo berezia dauka, kalea ikusten da, eta hori gustatzen zait. Hori ere oso paristarra da, denak jartzen baitira kalera begira, jendea paseoan ikusteko. Hori da beraien afizio nagusietako bat.