Kresala saria emango diote Sara Mazkiaran zinema zuzendari laguntzaileari
Sara Mazkiaran zinema zuzendari laguntzailea sarituko du Kresala Zineklubak. Hain zuzen, V. Kresala Saria emango diote Mazkiarani, bere ibilaldi profesionala omentzeko. Abenduaren 19an, 19:30ean, emanaldi berezi bat egingo dute Antzoki Zaharrean; Daniel Kalparsoro zuzendariak emango dio garaikurra Sara Mazkiarani. Ondoren, Kalparsororen Salto al vacio filma proiektatuko dute.
Altsasukoa da Sara Mazkiaran, eta curriculum luzea du zinemagintzan; film luze zein laburretan. Besteak beste: El silencio de la ciudad blanca eta El aviso (Daniel Kalparsoro), La reina de España (Fernando Trueba) eta Cuerpo de elite (Joaquin Mazon).
Ekitaldirako sarrera doakoa izango da, gonbidapenarekin. Gonbidapenak saioaren egunean bertan jaso ahal izango dira, Antzoki Zaharreko leihatilan. Ekitaldia antolatzeko Kutxa Kultur Fundazioa, Donostia Kultura, Euskadiko Filmategia eta Kresala Elkartearen laguntza izan dute.