Labanak moztutako bizitza
Aitor Zabaleraren hilketaren 20. urteurrena dela eta, realzale donostiarra erail zuten astean argitaratutako IRUTXULO aldizkarian Alberto Irazuk idatzitako erreportajea berreskuratu dugu.
Aitor Zabaleta ibaetarra atzo ehortzi zuten. Aitor labankadaz hil zuten joan den asteartean Madrilen Realak Atletico Madrilen aurka jokatutako partida hasi baino lehen. Bertan izandako realzaleek Espainiako poliziaren jokaera salatu dute, babes nahikorik eskaini ez zielako.
Aitor Zabaleta Cortazar eta bere andregaia Realaren eta Atletico Madrilen arteko futbol partida ikustera joan ziren. Astearte goizez atera ziren Donostiatik Izar peñaren autobusean eta partida hasi baino hiru ordu lehenago iritsi ziren Vicente Calderon futbol zelai ingurura.
Arratsaldeko zazpiak ziren, eta bikotea taberna batera sartu zen zerbait hartzera. Antza denez, barruan Atletico Madrilen jarraitzaile talde batekin topo egin eta hauen irainak eta isekak jasan behar izan zituzten.
Arazoak saihestu nahian, bikotea tabernatik irten eta futbol zelairantz abiatu zen. Ehun metro besterik ez zituzten egin estadioaren seigarren atearen atarira iritsi zirenean, eta bertan Atletico Madrileko jarraitzaile batzuen erasoa jasan zuten. Ustekabeko eraso azkarra izan zen, traizioz eta txarkeriz emandako labankada jaso zuen Aitorrek, eta konturatu orduko odola zeriola zegoen. Anbulantzian eraman zuten Sorkunde erietxera. Han ebakuntza egin zioten arren, goizeko hiruretan zendu zen.
Gertaera higuingarri honen ondoren, askok poliziaren lana gogor kritikatu dute. Izar peñako kide batek -negarrez eta telefonoa eskegi aurretik- segurtasun indarren jokabidea ulertezina izan zela esan digu: “Babesa eskatu genuen Madrilera joan aurretik, eta poliziak futbol zelairaino lagundu gintuen. Baina gero, 18:30ean, hanka egin zuten”.
Gertaerak argitzeke
Zenbaitzuek Aitorren hilketa politikarekin lotu dute, eskuin muturreko jendeak prestatutako erasoa izan daitekeela argudiatuz. Madrilen egon zen zaleetako baten ustez, gertaera hau AUNk, Ynestrillasek gidatzen duen alderdiak, egun horretan egindako ekitaldiarekin zerikusia izan dezake: “Partida aurretik talde faxista hau Vicente Calderonen inguruan bildu zen. Gainera, estadioan bizi izan genuen giroa oso nahasia zen, benetan gogorra euskaldunon aurka”.
Alderdi abertzale batzuek ere ildo beretik jo dute. PSOE eta PPk, berriz, ez dute gertakaria politikarekin nahastu nahi izan.
Aitor Zabaleta gaztearen gorpua joan den ostegunean, hilak 10, lurperatu zuten. Hileta elizkizuna Santa Maria elizan egin zen.
Amorrua eta samina
Ez da ulerterraza Madrilera futbol partida ikustera joandako 28 urteko mutila hilda itzultzea. Horregatik, Aitor Zabaletaren hilketak gogor astindu du Donostia. Donostia ez ezik, Euskal Herria eta futbol mundua. Are gehiago, gazte eta familia ezagunekoa izanda.
Albistea jakin eta berehala, eta Aitor oraindik bizirik zegoela, Realak bertan behera utzi zuen Atletico Madril taldeko zuzendaritzarekin egin beharreko afari ofiziala. Jokalariek partida bukatuta izan zuten gertaeraren berri, eta saminak futbolari guztiak hartu zituen. Batez ere, Iñigo Idiakez, Aitorren laguna. Luis Uranga presidenteak hurrengo egunean esan zuenez, “Realaren historiako egunik tristeenetakoa da, eta tristeena ni agintaldian nagoenetik”. Urangak hauxe gehitu zuen: “liga partidarako ez zaie Atleticoko jarraitzaileei sarrera bat bera ere ez salduko”. Oscar De Paula Realeko jokalaria ere goibel eta amorruz zegoen: “Lotsagarria da jende honek futbol munduaren izenean hitz egitea”. Athleticek asteazkenean Galatasaray taldearen aurka jokatutako partidan besoko beltza eraman zuen.
Udal Gobernu Batzordeak, bere aldetik, Aitor Zabaletaren heriotza gaitzetsi eta hilketa elizkizunetara ordezkaritza bidali zuen. Odon Elorza alkatea honelaxe mintzatu zen: “Futbol taldeek, eta zenbait taldek beste batzuek baino gehiago, gogoeta egin beharko lukete egoera honi buruz. Saihestu egin behar da ikur faxistak ere erakusten dituzten gutxiengo horiek babestea”. Alvarez del Manzano Madrilgo alkateak ere dolumina azaldu zion Odon Elorzari.