'Puntu kritikoen mapa' egitasmoaren emaitzak bideo batean jaso dituzte
2014an jarri zuten martxan ‘Puntu kritikoen mapa’ egitasmoa, Donostiako Udaleko hainbat departamendu eta zenbait herri eragileren artean. Proiektuaren helburua da hirian ikusgarritasun edo irisgarritasun falta delako gatazkatsuak diren puntuak identifikatzea eta aldatzea, segurtasun falta sortzen dutelako herritarrengan, eta batez ere emakumeengan.
Joan den apirilean, egitasmoaren harira 2017an egindako aldaketen berri eman zuten arduradunek, eta orain, bideo batean jaso dute iazko jarduna. Berrikuntza nagusia, orain arte egindakoa ebaluatzeko martxan jarri duten sistema dela adierazi zuen Duñike Agirrezabalaga Berdintasun zinegotziak maiatzean, eta bideoan agertzen den moduan, M-etxea eragilearekin egin dute prozesu hori. Gainera, Berdintasun sailak eskuragarri jarri du ‘Puntu kritikoen mapa interaktiboa’ Donostiako Udalaren webgunean.
Era berean, honakoak dira 2017an aldatutako puntu kritikoak: Loiolako geralekua hobetzea eta egokitzea, Uliako bidea argiztatzea, Julimasene egokitzea, Patxillardegi ingurua txukuntzea, eta Aldapetako eskaileretan eta barandan hobekuntzak egitea. Bestalde, gazteentzako tailerrak egin dira, Tabakalerarekin lankidetzan, eta erasoen kontrako sentsibilizazio kanpainak ere, taxi gidariekin eta mugikortasun agenteekin.
Hona hemen 2017an ‘Puntu kritikoen mapa’ egitasmoaren harira egindakoaren laburpen bideoa: