Boluntariotza saria jaso du Jose Mari Soroaren familiak
Erretiroa hartu zuenetik duela hiru hilabete hil zen arte, ikuskizunak eskaintzen aritu zen Soroa, bere gitarrarekin, zahar etxeetan barrena; Done Jakue bidea egiten zuten erromesei ere asko laguntzen zien.
Askok maite zuten Jose Mari Soroa, eta ez da harritzekoa. Izan ere, lana utzi zuenetik, boluntario aritzen zen han eta hemen, eta oso ezaguna bilakatu zen donostiar askoren artean, baita Gipuzkoa mailan ere. Bere boluntariotza lanik handiena Nagusilanen egin zuen. Hain zuzen, hamabost urte inguru igaro zituen Nagusilanek Gipuzkoan dituen zahar etxeetan barrena, bere gitarrarekin. Zahar etxeetan, txisteak kontatu eta betiko kantak abesten zizkien zaharrei. Orain, Boluntariotza saria eman berri dio Gipuzkoako Foru Aldundiak haren familiari, Jose Mari Soroak emandako «maitasun, dedikazio eta lanarengatik». Sari emate ekitaldia astearte arratsaldean egin zuten, eta han izan zen Alex Ibañez, Soroaren bilobetako bat: «Oso hunkigarria izan zen. Familia osoa elkartu ginen, politikariek ongietorria eman ziguten eta agurra dantzatu zigun Kukaiko dantzari batek. Gero, aretoan, bideo bat jarri zuten, aitona nor zen azalduz. Amonarekin egon ziren aurretik, eta argazki zaharrekin osatu zuten bideoa. Nagusilanen berekin ibiltzen zirenek abesti batzuk ere jo zituzten, eta oso polita izan zen dena». Horrela, ekitaldian jasotakoaren ondorioz, aitonak egiten zuen lanaz jabetu zen biloba: «Bagenekien lan asko egiten zuela, baina orain benetan konturatzen ari gara zenbat gauza egiten zituen eta asko zabaldu dela bere izena».
Zalantzarik gabe, Jose Mari gitarrarekin oroitzen dutela dio Ibañezek. «Gogoan dut Igeldoko etxean, kantari. Bazkaltzeko elkartzen ginenean beti ateratzen zuen gitarra, eta edozein hizkuntzatan abesten zigun. Hil aurretik, errusiera ere ikasten ari zen». Ikuskizunetaz hitz egiten ziela dio bilobak:?«Boluntariotza lanak nola betetzen zuen izugarria zen. Nekatua egonda ere joaten zen, bizitza ematen zion». Familia oso elkartua zegoen arren, oraindik gehiago batu direla dio: «Hutsunea utzi du, baina oraindik gure artean nabaritzen dugu».
Bihotzez egiten zuen
1933an jaioa zen Soroa. Eva sagardo eta zuku enpresako zuzendaria izan zen, eta erretiratu zenetik Done Jakue bidea hamar aldiz egin zuen. Igeldon bizi zen bere emaztearekin, eta bere etxe aurrean ere lan egiten zuen maiz, Done Jakue bidea egiten zuten erromesei laguntzen.
1972 eta 1979 urteen artean herriz herri ibili zen lagun batekin batera, kantari. Joxe Mari eta Mikel usurbildarrak deitzen zieten, Usurbilen bizi baitzen orduan. Gainera, hamabost abestiko disko bat ere grabatu zuten. Bestelako zaletasunak ere ez zitzaizkion falta, mendian ibiltzea oso gogoko zuen, eskalatzea ere bai, eta eginak zituen Alpeetako eta Piriniotako 3.000koak.
Elkarrizketa zabala egin zion Irutxuloko Hitzak 2012ko abenduan, eta gustura aritu zen hizketan: «Mundu honetako gauzik onena on egitea da. Nik politika eta erlijio bana dut: politika, ongia egin; erlijioa, hurkoa maitatu. Oso zoriontsua naiz besteentzat gauzak egiten»