Irati Urkiola: ‘Oparialdia’

irati-urkiolaEuskaraldiaren hamaika egunak igarota, iritsi dira ere hamabi, hamahiru, eta hamalaugarrenak. Iritsi, benetan, garrantzitsuenak. Norberak bere hausnarketa egin, eta egunerokoan euskarari zein espazio eskaini dion ebaluatuta, Klika! apirila baino lehen egin dutenak izango dira gure artean, honezkero. Beste batzuek, akaso, orain artekoari eutsiko zioten; eta azken batzuek, (gutxienek, espero) etsi egingo zuten, beharbada. Ezin hautu denak jakin; 220.000 pertsona, pertsona asko dira. Baina, jakina dena zera da: egitasmo ederra izan da Euskaraldia. Opari bat. Opari zoragarri bat euskararentzat, euskaldunontzat, euskararekin eta euskaraz lan egiten dugunontzat. Bejondeiela, beraz, antolatzaile, parte hartzaile eta sustatzaileei. Ea txapekin edo gabe, opariaz gozatzen, goxatzen eta maitatzen jarraitzen dugun. Merezi du hainbeste…

Eta opariak aipatuta, etorri zaizkit burura, parrastadan: esker onak, maitasun mezuak, goraintziak, hotzetan muxu bero eta besarkada itsuak. Baita, horiekin batera, elikagai banku, arropa bilketa, otar, bale eta balekoak ere. Baina gauza gehienen antzera, opariek ere ezkutatzen dute euren barruan horietara lotzen gaituzten hariak: buruhauste, kezka, eta zalantzak. Ezinegonak, finean.

Eta orain, abendua. Oparien sasoi betea: hotzetan muxu bero, eta ezinegonen garaia. Maitasuna gainerako hilabeteetan baino gehiago adieraztera behartu gaituen kontsumismoaren hilabete gogokoena. Ilarak arrandegi, supermerkatu eta ile apaindegietan. Perfume usaina telebistan. Gabonetako zuhaitzak basamortuan. Eta gu, kalanbreen artean, kontsumismoaren atzaparretan, beste urte batez.

Beharbada, geure kontraesanak agerian geratuz, Euskaraldiari erreleboa hartuko dion Oparialdia ekimena sustatu beharko genuke, eta hausnartu. Hausnartu zer oparitzen dugun, zergatik eta zertarako. Beharbada, hala, konturatuko gara opariek gehiago behar dutela «opa»-tik «(h)ari»-tik baino. Gehiago behar dutela gogotik eta maitasunetik, urtero hartara lotzen gaituen kontsumo hari hutsetik baino. Beharbada, hala, konturatuko gara opari ederrenak jasotzen ditugula gutxien espero dugunetan; opari goxoenak egiten ditugula behartzen ez gaituztenetan, eta horiek direla, gehien gogoratu eta gozatuko ditugunak.

Argiz beteriko kaleek ez gaitzatela itsutu. Oparirik ederrena da barruan daramaguna ateratzeko aukera izatea. Besteen aurpegietan irri bat sortzea. Oparirik ederrena muxu beroa egun hotzean, besarkada estua gau ilunean. Oparirik ederrena, gurean eta bestearen aurpegian irria marraztea. Hausnartu, eta egin. Ongi etorria, Oparialdia.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend