Helduen 147 danborrada ibiliko dira hiriko kaleetan
Urtez urte haziz doa konpainia kopurua, gelditu gabe; aurten ere lau talde berri sortu dituzte herritarrek: La Bodeguilla Amara Elkartea, Altza Danborrada SJC, Englishtarrak eta Matiazaleak.
Lau izango dira aurten hiriko kaleetan ibiliko diren danborrada konpainia berriak: La Bodeguilla Amara Elkartea, Altza Danborrada SJC (Altza Herri Ikastetxetik sortua), Englishtarrak Elkartea (English Schooletik sortua) eta Matiazaleak (Matia Fundazioaren bidez). Guztira, helduen 147 danborrada izango ditu aurtengo San Sebastian egunak; horietatik 137 danborrada mistoak izango dira, emakumezkoen bat, eta gizonezkoen bederatzi. Horrela, guztira, 18.399 izango dira partaideak; iaz baino 577 lagun gehiago. Zehazki, emakumeak 7.681 izango dira, aurreko urtean baino %1 gehiago, eta 10.718 gizonak. Danbor Nagusi lanetan 35 emakume ariko dira, datuen arabera, sekula baino gehiago.
Auzoei dagokienez, danborraden banaketa zabala da, baina alde handiarekin, Erdialdea da danborrada gehien jasotzen dituen gunea. Hona hemen auzoz auzoko danborrada kopurua: Erdialdea (31), Gros (24), Parte Zaharra (23), Antigua (23), Altza-Intxaurrondo (20), Amara, Loiolako Erribera eta Morlans (17) eta Egia, Loiola eta Martutene (9).
Urtero legez, Gaztelubideko danborrada arduratuko da banderaren igoeraz, Jose Ramon Mendizabalen agindupean, eta Union Artesanakoek itxiko dute jaia, Aitor Oiarzabal Danbor Nagusiarekin.
Bezeroak eta lagunak
Amarako danborraden artean aterako da La Bodeguilla Amara Elkartearen danborrada. Duela urte eta erdi hartu zuten La Bodeguilla taberna Libe Lafuentek eta Amaia Munillak, oso pozik daude negozioarekin, eta orain danborradarekin animatu direla azaldu du Lafuentek. «Iazko danborradan sortu zitzaigun ideia, parrandan genbiltzala. Gero talde bat osatu genuen, eta egin beharreko guztiaren berri jaso genuen. Egia esan, lan handia izan da». Horrela, adibidez, lagun batek egin die danborradarako logotipoa, eta saiatu dira ahalik eta erarik ekonomikoenean egiten, partaide bakoitzak diru asko ez gastatzeko. «Partaideei aukera eman diegu sukaldariz edo urketariz jantzi daitezen, bakoitza bere arroparekin, eta zapi gorriak atera ditugu. Danborrak eta upelak guk kudeatu ditugu, baina bakoitzak bere etxean gorde behar izan du, ez dugulako jasotzeko tokirik».
Lan zailenak txaranga lortzea eta ibilbidearen bidea eta ordutegia zehaztea izan direla dio. Ibilbidea tabernaren aurrean hasi eta bukatuko dute, 18:00etan eta 22:00etan: «Errespetuarekin sartu nahi izan dugu, eta bilera pare bat egin ditugu udalekoekin, gainontzeko danborraden ibilbideak ikusiz, ez molestatzeko».
Lagunarteko danborrada izango dela diote: «Udalak finkatzen du gutxieneko 60 laguneko partaidetza, eta guk ehunera mugatu dugu. Uste baino errazago bete dugu, eta itxaron zerrenda ere badugu. Gehienak lagunak dira, bezeroak direnak aldi berean, eta bestelako bezeroak eta ingurukoak ere bai». Orokorrean, gehienak 30-40 urte artekoak izango dira, eta emakumeak gehiago, tartean, bi Danbor Nagusiak. Bandera eta ikurriña eramango dituztenak, aldiz, gizonak izango dira: «Estereotipoen aurka goaz, baina egia esan, era naturalean atera zaigu».
Sei entsegu egin dituzte, eta batzuen ustez gutxiegi izan dira, batzuek lehen aldia zutelako danborrada batean. «Nahiko ongi joan dira entseguak, zuzendariak oso inplikatuak daude, eta bandarekin ere oso ongi moldatu gara. Oso giro ona daukagu eta datorren urterako handitzea erabaki dugu». Txaranga lortzeko lanean udaran hasi ziren, eta beranduegi zela esan zieten guztiek. Azkenean, txaranga berri bat sortu dute: «Lagun musikari bat dugu, txaranga batzuetan jotzen duena. Berak sortu du txaranga berri bat guretzako, handik eta hemendik lagunak bilduta».
Oholtzan, 1999tik
Danborrada bakoitzak egiten duen ibilbideaz gain, Konstituzio plazako oholtzan nolabait egoteko aukera izaten du. Izan ere, 1999tik, banderaren igoeran egoteko aukera du gainontzeko danborrada bakoitzeko ordezkari batek. Horrela, emakumeen eta auzoen partehartzea bultzatu nahi izan zuen udalak. Aurten, esaterako, 112 lagunek baieztatu dute Gaztelubideko kideekin batera igoko direla tranpaldora. Kanta hauek interpretatuko dituzte, hurrenez hurren: San Sebastian Martxa, Diana, Oilar zaldieria, Polka, Retreta, Atso zalditeria, Iriyarena, eta San Sebastian Martxa berriro. Kresala dantza taldeko kideek ere parte hartuko dute, euren koreografiekin, kanta hauetan: San Sebastian Martxa, Donostiako Antzinako Martxa eta Iriyarena.