'Sarriegiren adiskideak"
2019 honetan ehun urte beteko dira, irailaren 19an. Merezi du efemeridea baliatzea artista honen obraren ezagutza zabaltzeko, nahikoa ahaztuta baitago.
Urtero San Sebastian jaia hurreratzen denean Raimundo Sarriegiren espiritua agertzen zait. Kezkatuta ibiltzen baita gizona ikusirik intentzio onez sortu zituen doinu eta kantak nola eta zertarako erabiltzen ditugun. Kontsolatzen saiatzen naiz, baina ez da lantegi erraza, belarri ona duelako eta ez delako inozoa.
Sarriegik adiskide ugari eta onak izan zituen bizi zen bitartean. Agian gertukoena Eusebio Basurko, oriotar donostiartua, garaiko Udalaren txistulari taldeko zuzendaria. Hain lotura estua zuten bi adiskideek non Basurkok bere seme bati Raimundo izena jarri zion eta aitaponteko aukeratu gure Sarriegi. Honek, esker onez, txistulari talderako obra ederrak eskaini zizkien aita-semei.
Sarriegirekin batera artista ugari zebiltzan XIX. mendearen amaiera eta XX.aren hasierako urteetan Donostian: Antonio Arzak, Ramon Artola, Pepe Artola, Rosario Artola, Jose Zapirain Txapillo, Fermin Imaz, Jose Antonio Santesteban, Serafin Baroja, Norberto Luzuriaga Luxu, Marzelino Soroa, Toribio Alzaga, Eugenio Gabilondo… Idazleak, musikariak, kantariak, bertsolariak, margolari eta marrazkigileak, kazetariak, antzezleak… Batzuk denetarik egiten zuten. Iritzi eta aukera politiko-erlijioso desberdinetakoak. Denak, ordea, oso euskaltzaleak eta elkarren adiskide. Donostian horren biztanle gutxi izan arren, gelditu gabe aritzen ziren eta maila oneko emaitza artistikoak eskaintzen zituzten euskaraz eta gaztelaniaz. Abertzaletasun sortu berriak ekarri zuen hizkuntza garbizalekeriak apur bat baztertu zuen hauen jokabide literarioa eta itzalean geratu dira gure historia koskorrean.
2019 honetan ehun urte beteko dira, irailaren 19an, adiskide eta kolaboratzaile horietako gertukoen bat, Victoriano Iraola hil zela. Jaiotzez San Juaneko pasaitarra baina umetatik donostiartua, merezi du efemeridea baliatzea idazle umoretsu, marrazkigile trebe, eta jenio biziko artista honen obraren ezagutza zabaltzeko, nahikoa ahaztuta baitago. Denetarik egin zuen eta maila hoberenaz: bertsoak, poemak, antzerkiak, bakarrizketak, zarzueletarako libretoak, marrazkiak… Horrela On Raimundo poztu egingo da eta agian sortu zituen doinu eta abestien aitzakian antolatzen ditugun gehiegikeria eta harropuzkeriak barkatu egingo dizkigu. Saiatu gaitezen gu ere Sarriegiren adiskide izaten.