Itsasaldeko arriskua dela eta alerta laranja gaur arratsaldean
Zazpi metroko olatuak iragarri dituzte, eta 19:00etatik 23:000etara espero da denborale zakarrena
Olatuen altuera dela eta arreta eskatu dute gaur kostaldean. Ipar-mendebaldeko haizeak gogor joko du, eta itsaso zakarra eragingo du. Arratsalde honetan, 19:00etatik 23:00etara 7 metrotik gorako olatuak espero dira, haize zakarrarekin batera; hori dela eta, Zerbitzuetako zinegotzi Nora Galparsorok alerta laranja jarri du. Ondorioz, Pasealeku Berria eta Zurriola itxita egongo dira oinezkoentzat, eta bertan aparkatzea debekatuta egongo da. Horrekin batera, udaltzaingoa eta bestelako zerbitzuak lanean izango dira gerta daitezkeen ezbeharrei aurre egiteko prest.
12:00etan krisi gabinetean bildu da udala udaltzaingoan, eta datozen ordutan adi egongo dira denboraleak sortu ditzakeen kalteak saihesteko. Galparsororen esanetan, aurrikuspenen arabera datorren denboralea ez da iazkoa bezain gogorra izango, baina eguraldia bereziki aldakorra dela gogoratu du, eta kontuz ibiltzeko eskatu die hiritarrei.
Arratsaldean, eguraldiaren egoera ikusita, neurri gehiago hartu edo ez erabakiko du udalak. Biharko euri jasa nabarmena espero dute.
Neurriak gaurko
Paseo Berriko ibilgailuak kendu beharko dira San Juanetik Jauregi Generala kalera eta Aldamarrekoak Soraluzeko bidegurutzera arte. Gainera, oinezkoek, bertan bizi direnek salbu, itxita izango dute Salamanca pasealekua, Jauregi Generalaren bidegurutzetik Argazkilari Elkarteraino.
00:00etatik aurrera, itxi egingo dituzte erabat Paseo Berria, Argazkilari Elkarteraino, Leizaola pasealekua, Haizearen Orrazia, Urgull mendia (ikastolara sarbidea salbu), Kursaal zubiko iparraldeko oinezko eta bizikleten bideak, eta hondartzarako lehen sarbidea.