Jon Odriozola: 'Aldaketa'
Jon Odriozola, Kazetaria
Urteak ziren Realak ez ziola Atleticori etxean irabazten; urteak ziren, denboraldi berean Madrilgo bi taldeak etxean mendean hartzen ez zituztela txuri-urdinek. Biak ala biak izan dira Anoetan porrota jaso duten talde bakarrak. Biak erori dira Donostian. Zuri-gorriak, noiz eta Berlingo harresia erori zen egunaren hogeita bosgarren urteurrenean. Duela mende erdi, Europa, aldaketa handiak nozitzen hasi zen egun hartatik aurrera. Realean ere berdin gertatuko al da?
Partida berezia lehengo igandekoa. Arrasateren aroa amaitu ostean, Santana eta Aguacilek izan zuten lanik. Zezen handia zuten aurrez aurre, eta zalegoa zain; adi-adi. Garaipenaren ostean, lasaitu ederra hartu ondoren, orain David Moyesen sasoia hasiko da. Eskoziarrak, Deabru Gorrien entrenatzaile ohiak, Realak jarritako casting-a gainditu duenez, txuri-urdinen lemazaina izango da.
Halere, ibilbideak ez dira samurrak izaten inorentzat. Ezta Moyesentzat ere. Alex Fergusonek iragan urrian eginiko adierazpen batzuk ekarri nahi ditut gogora. David Moyes, herrikideak ordezkatu zuen Manchester United-eko aulkian 2013-2014 denboraldian, baina ez zen egonaldi erraza izan Evertongo entrenatzaile ohiarentzat. Denboraldia amaitu aurretik, gorriak ikusi eta entzun ondoren, talde gorriaren Ametsen Antzokitik kanporatua izan zen Moyes. Bere lana ez zen jende askoren gustukoa izan, eta ordezkatu egin zuten aulkian.
«Ez zen United-en handitasunaz ohartu», esan zuen Fergusonek bere herrikideaz. «Porrot bakoitza kolpe latz bat izan zen berarentzat». Bazekien zertaz ari zen Ferguson: berak ere une latzak pairatu baitzuen 1989an emaitza bolada txar baten ondorioz. Inor ez dago salbu. «Emaitzek zulatu egin zuten. Denboraldi gogorra izan zen United-eko zaleentzat eta baita niretzat ere, jakitun bainintzen jokalari on asko zituela gure taldeak. Ez zuten sasoialdi onena erakutsi eta hori Daviden sorbaldetarako pisu handia izan zen», gaineratu zuen Fergusonek.
Eskoziarraren iritziz, Manchesterko entrenatzaile berriaren aukeraketa prozesua zuzena izan zen:«Lasaia, sakona eta profesionala». Realak ere zerbait antzekoa egin nahi du. Fergusonen hitzek badute egungo Realarekin antzekotasunik. Taldeak jokalari onak ditu, aurreko entrenatzaileak guztia eman zuen, baina emaitzek gurutziltzatu egin zuten. Aldaketa garaia da. Berlingo harresia erori eta hamabost urtera, prentsan, azaldu zen titular bat datorkit gogora: «Harresia erori zen, baina zuloak zutik dirau». Itxi ditzagun denon artean zirrikituak, eta egin dezagun bidea elkarrekin.