Politika berria, Donostia euskaldunaren alde
“Zahar hitza, zuhur hitza” dio esaerak. Bada, Eneko Goiaren hizkuntza politika ere zaharra da, baina, tamalez, zuhurtasunetik baino gehiago du zekenkeriatik eta kalkulu politikotik. Donostiako Udal Gobernuak bere lehen sei hilabeteotan hartutako zenbait erabakik balio dezakete adierazi duguna berresteko:
Batetik, Donostiarren % 34k (EUSTAT, 2016) oraindik euskara gaitasunik ez duen arren, Eneko Goiaren gobernuak erabaki du aski egiten duela jada, herritarrei euskara ikasten laguntzeko. Orain arteko dirulaguntzak bere horretan utziko ditu, eta uko egingo dio B2 mailara arteko doakotasuna 2020an lortzeko konpromisoari.
Bestetik, Bageraren aurtengo neurketaren arabera, hiriko autobus markesinetako publizitatearen % 55,5 gaztelaniaz bakarrik dago errotulatuta, eta euskaraz edo ele bietan, ordea, % 36 besterik ez. Bada, Dbusek berritu duen kontratuaren ondorioz, markesinetako publizitate pribatuan euskararen presentzia orekatua lortzeko, 10 urte gehiago itxaron beharko dugu.
Gainera, salbuespenen politika baliatzen ari dira. Gobernu honek adostuta, zuzendari postuetarako hautagaiak funtzionario ez badira, ez dute euskara eskakizunik izango. Horri esker, Hiri Mantenuko zuzendari berriak ez du euskara gaitasunik erakutsi behar izan. Era berean, hizkuntza eskakizunik jarri gabe hartu dira uda sasoiko mugikortasuneko agenteak, salbuespen zehaztugabe bat baliatuz.
Azkenik, aurtengo Aste Nagusiko jardueren % 53 gaztelaniaz izan da, % 38 euskaraz edo ele bietan eta % 8 beste hizkuntzaren batean, Bagerak egin duen jarraipenaren arabera. Alde horretatik, udalak berak eman duen datua ere esanguratsua da: Donostia Kulturak urtean zehar programatzen duen kultur eskaintzaren % 27,5 besterik ez da euskaraz.
Horiek horrela, Donostia erdaldundu egin delako pertzepzioa zabaltzen ari da: Turismoaren hazkunde neurrigabeak euskaldunoi sentiarazi digu geure hirian arrotz garela; Donostiako jai nagusiak erdaldunduta jarraitzen du; hiriko hizkuntza paisaian euskarak tokia galtzen jarraitzen du, gaztelaniaren eta ingelesaren mesedetan; normalizazio lana abiatu zenetik 40 igarota, erakundeek jarraitzen dute gaztelaniari nagusitasuna ematen; eta abar.
Adierazle ezkorrak dira horiek, baina agintarien politika zaharruno horrek ez digu etsiarazi behar. Hezkuntzan, familietan eta helduen euskalduntzean egindako ahaleginei esker, geroz eta gehiago gara euskaldunok, Donostian. 2001. urtean, euskaldunok % 35 ginen gure hirian. Hamabost urte geroago, euskaldunok % 46 gara; horrez gain, euskaraz ulertzen dute donostiarren %20k. Era berean, aipagarria da Donostiako udal langileen ia % 75ek egiaztatu izana, jada, bere lanposturako beharrezkoa duen hizkuntza gaitasuna; gainera, hemeretzi udal sailetatik gutxienez hamaikak badute hizkuntza eskakizunaren derrigortasun indizea % 75etik gora.
Datu horiek aukera argia dira hein berean hazteko euskaraz bizitzeko aukerak, euskararen ezagutza eta erabilera bultzatzeko kemen eta erabakigarritasun osoz. Politika berria behar dugu euskararen hiztun komunitateak bizitza euskaraz, normaltasunez, garatzeko aukera izan dezan. Hiri akordio bat behar da, zoru komun bat ezarriko duena, bere eginez hizkuntza eskubideen berdintasunaren printzipioa.
Politikaren tresnak dira arauak, eta horiek baliatu behar dira hizkuntza eskubideen bermea lortu eta euskararen garapen bizkorrago bat eragiteko. Arauak berritu, euskararen garapena oztopatzen duten salbuespenak saihestu eta arauak betearazteaz gain, premiazkoa da euskarazko jarduera ahalbidetzen duten euskarazko atalak ugaritzea udalean, Udalbatzaren eta alderdien jarduerak euskalduntzea, indartzea esku-hartzeak egoera soziolinguistiko okerrenak dituzten auzoetan, alor sozio-ekonomikoa euskalduntzeko esku-hartze integral bat diseinatzea, euskarazko kultur sorkuntza indartu eta zabaltzea, eta aski baliabide ekonomiko bideratzea helduen euskalduntzea doan izan dadin, C1 mailara bitarte.
EH Bilduko kideok Donostia euskaldunaren alde ari gara lanean, eta bide horretan, berriz ere eskaintzen ditugu gure ahalegina, ezagutza eta gogoa, lehenbailehen lortzeko Euskal Herrian euskaraz aske bizitzeko helburu desiratua.