Sole Cuesta, Maria Jesus Intxausti eta Begoña Berho, Enrike Lopetegirekin. (Argazkia: Estibaus)
Sole Cuesta, Maria Jesus Intxausti, Begoña Berho eta Enrike Lopetegi omendu ditu Gipuzkoako Bola Joko Federazioak, Herrerako bolariak guztiak ere. Duela 30 urte baino gehiago ausartu ziren Herrerako emakumeak boloen mundu trinkoa desafiatzera. Herrerako Kirol Elkartearekin federatu ziren, eta Euskal Giroarekin federatutako 30 gaztetxo inguru eraman zituzten bolatokiz bolatoki. “Oso gogorra zen, bolatokietan inposatu egin behar ginen; bai tiraldi herrikoietan, bai federatuetan ere. Gure presentziarekin ordura arte erabilitako sistema hankaz gora jartzen genuen”, diote omenduek.
Aldi berean, gizon atseginekin ere topo egin zutela diote, eurei laguntzeko prest zeudenak; tartean, Patxi eta Pedro Lazkano, Antonio eta Jose Mari Miner, Jose Mari Etxebeste, eta Altzako Jose Imaz, Antonio eta Juanito Goenaga. Horrela, pixkanaka egoera aldatuz joan zela diote, konturatu zirelako gazteak zirela edozein kirolen etorkizuna. “Bolatokiak bisitatuz Gipuzkoako herri asko ezagutu zituzten gaztetxoek. Oso ongi pasatzen zuten eta lagun asko egin zituzten. “Egun, Bargiñe Alustiza da Gipuzkoako Federazioko presidentea, bolari handien alaba eta arreba. Altzan bolatoki bakarra dugu eta gonbidapena luzatzen dugu kirola probatzera etortzeko”.