Bera Berako jokalariak, larunbatean, Superkopan lortutako garaipena ospatzen. (Argazkia: Bera Bera Eskubaloia)
Denboraldi-aurreko zalantzak uxatu ditu Bera Bera Eskubaloiak, joan den larunbatean Superkopa eskuratuta. Horrenbestez, gogotsu ekingo dio larunbatean Ligari, aurreko sasoian lortutako txapela defendatzeko prest.
Eskubaloia ikusteko irrika duten zaleak zorionekoak dira, jardunaldi berezi bat antolatu baitute Bidebietan Ligari behar bezala hasiera emateko, bost partida programatuta. Norgehiagoka nagusia 18:00etan izango da; derbi bat, gainera. Bera Berak igo berri den Aiala Zarautz taldea jasoko du. Elkarren aurka jokatuko duten lehen partida izango da.
Zarautzeko klubarekin berarekin eta Elgoibarrekin beste lau partida prestatu dituzte biharko, harrobiko taldeen eskutik, 11:30etik abiatuta. Jardunaldia kadete mailako mutilek irekiko dute; Bera Berak eta Elgoibarrek, alegia. 13:00etan, bi talde hauen neska kadeteen taldeen txanda izango da; eta 14:30ean, jubenileena. 16:00etan, berriz, Bera Berako eta Zarautz taldeetako bigarren taldeek jokatuko dute, senior mailan.
Azken urteotako talde indartsuena da Bera Bera, Espainian jokatzen diren txapelketei dagokienez. Datu bat besterik ez da behar baieztapen hori frogatzeko: 2012. urteko irailetik, Espainian jokoan egon diren hamar tituluetatik bederatzi etxeratu ditu talde donostiarrak. Joan den denboraldiko Kopa bakarrik galdu du Bera Berak; luzapenean, gainera. Rocasaren aurka izan zen, donostiarren nagusitasuna pairatu duen azken taldearen kontra.
Era berean, nabarmentzekoa da, 2012-2013 denboraldira itzulita, Liga aurreneko aldiz lortu zuen talde hartatik lau jokalari baino ez daudela gaur egun: Matxalen Ziarsolo, Eli Pinedo, Alba Menendez eta Silvia Ederra. Hau da, badira beste 23 jokalari gutxienez txapeldun irten direnak azken lau urteotan taldearekin. Lau entrenatzaile desberdinekin lortu ditu garaipenak: Reyes Karrerek eta Imanol Alvarezek, hirukote bana lortuta; Aitor Etxabururekin, Guadalajarako Superkopa; eta Montse Pucherekin, Liga eta larunbateko Superkopa. Orotara, Bera Berak hamabi titulu ditu bere garaipen zerrendan: Bost Superkopa (2008, 2012, 2013, 2014 eta 2015), lau Kopa (2007, 2009, 2013 eta 2014) eta hiru Liga (2012-13; 2013-14 eta 2014-15).
Defentsa
Montse Puche entrenatzailearen aldeko apustua egin du klubak, denboraldi berriari begira. Puchek oso garbi dauka zein izan behar duen taldearen ardatza: defentsa. Eta hala izan zen larunbatean, Superkopako finalean. 17 gol besterik ez zizkion sartu Rocasak, eta emaitza estu dirudien arren, partida kontrolpean izan zuten donostiarrek.
Pucheren hitzetan, «bereziki talde dinamikoa eta indartsua izatea nahi dut. Taldeak jokoaren fase guztiak menderatu ditzala, eta ez dezala galdu Bera Bera beti ezaugarritu duen defentsa. Lau kontu oso argi ditut, eta horrek ezarriko du taldearen jokoa. Talde lana izango da garrantzitsuena; denak gara garrantzisuak eta guztiak taldearekin identifikatuak sentitzea nahi dut».