Altza Ekialdeko Barrutian egongo da. (Argazkia: Nagore Koch)
Martxoko udalbatzarrak albiste garrantzitsu bat ekarri du: behin betiko onartu dute Donostiako Barrutien Organo Araudia. Oposizioko alderdiek bat egin dute proposamenaren alde; udal gobernuak, berriz, aurka bozkatu du. Hain zuzen ere, hiria lau barrutietan banatzea aurreikusten du araudiak.
Partaidetza zinegotzi Axier Jakak salatu du gizarte eztabaidarik gabe hartu dutela erabakia, eta banaketa “guztiz artifiziala” dela: “Barruti bat Parte Zaharrean hasi eta Martutenen amaitzen da, hiriaren beste puntan”. Jakaren hitzetan, “araudiak ez dio hiriaren izaerari erantzuten, ezta auzotarren beharrei ere. Politika eredu zaharkituaren adibide bat da, ez baita gizarte eztabaidarik egin eta araudia ez zaie herritarrei aurkeztu”.
Oposizioari dagokionez, PPko zinegotzi Jose Luis Arruek adierazi du araudia ez dela euren “kapritxo” bat, legean oinarrituta egin dutela. EAJ eta PSE-EEren aldetik, Martin Ibabek eta Ernesto Gascok hartu dute hitza, eta Donostia barrutietan banatzea herritarrentzat “oso onuragarria” dela esan dute. Eztabaida politikoak alde batera uzteko eskatu diote udal gobernuari, eta aurrera begiratzeko eskatu dute. Ibabek azpimarratu du Ekialdeko barrutiak soilik sortu diola kezka udal gobernuari; hots, Altza hartzen duen barrutiak.
Esan bezala, adostutako araudiak lau barruti aurreikusten ditu. Ekialdeko barrutian, Altza, Intxaurrondo, Bidebieta eta Mirakruz egongo lirateke; Mendebaldekoan, Añorga, Antigua, Aiete, Ibaeta, Igeldo eta Zubieta; Ipar-ekialdekoan, Ategorrieta, Ulia, Gros eta Egia; eta Erdialdea-hegoaldekoan, Erdialdea, Amara, Loiola eta Martutene.