Euskal presoak hurbiltzeko erakunde adierazpena onartu dute
PSE-EEk egindako proposamenak aurrera egin du; Juan Karlos Izagirre alkateak lortutako adostasuna txalotu du
Osoko bilkura hasi bezain laster, bost minutuz utzi dute bertan behera
Atzoko udalbatzarrean aurrera egin zuen erakunde adierazpenetako bat euskal presoak «pixkanaka Euskal Herrira hurbiltzeko» PSE-EEk aurkeztutako erakunde adierazpena izan zen. Espainiako Gobernuari «espetxe poltika malgutzeko neurriak hartzeko» eta «gaixotasun larriak dituztenei hirugarren espetxe-gradua ezartzea» du PSE-EEk aurkeztutako erakunde adierazpenak xede. Eskaera horrek, era berean, biktima guztiak gogoan izateko nahia agertzen duela azaldu zuen testua aurkeztu zuen Ernesto Gasco PSE-EEko bozeramaileak.
Egun bizi dugun egoeran PSE-EEk «aurrera egin» nahi duela eta «ausart» ari direla adierazi zuen Gascok: «Ez da inoren kontrako akordioa, elkarbizitza demokratikoaren aldeko pausoa baizik», azpimarratu zuen. Juan Karlos Izagirre Bilduko alkateak, hain justu, adostasuna lortzeko udal talde guztiek egindako esfortzua txalotu zuen.
PSE-EEk egindako proposamenak gainontzeko udal taldeen ñabardurekin egin zuen aurrera. PPk egindako hainbat zuzenketek aurrera egin bazuten ere, «gai hori jorratzeko unea eta lekua ez» zela azaldu zuen Ramon Gomez bozeramaileak. Dena den, bakea lortzeko bidean trabarik ez dutela jarriko eta ETAri deusezteko eskaeraren alde egiteko exijitu dio Gomezek Juan Karlos Izagirre alkateari. EAJko bozeramaileak, Eneko Goiak, berriz, elkarbizitza baketsuaren alde lanean egiten jarraituko dutela erantsi zuen.
«Egoera bitxia»
Proposamen horrekin batera beste hamahiru erakunde adierazpen eta 23 mozio eztabaidatu zituzten atzoko udalbatzarrean. «Egoera bitxia» dela esan zuen Marisol Garmendia PSE-EEko zinegotziak. Udal gobernuak proposatutako akordiorik gabeko lehengo osoko bilkura dela leporatu zion Garmendiak Bilduko koalizioari. Juan Karlos Izagirre alkateak PSE-EEren hitzak zuzendu nahi izan zituen; 2011ko martxoaren 21an eta 2010eko urtarrilaren 20an egin ziren udalbatzarrek udal gobernuaren erabakirik izan ez zutela gogora ekarri zuen.
Kritika horrek udal gobernuaren eta oposiziaren arteko kalapita piztu zuen eta, egoera baretze aldera, osoko bilkura bost minutuz bertan behera uztea erabaki zuen alkate eta osoko bilkurako presidente Juan Karlos Izagirrek.
Udalbatzarrari hasiera beroa eman eta gero, PSE-EEk Baiona-Donostia eurohiria osatzen duten hiri eta herrien arteko elkarlana eta lankidetza sustatzeko erakunde adierazpenari ekin zion. Josu Ruiz Sustapen zinegotziak Baiona-Donostia arteko harremanak indartzeko prest daudela argitu zuen eta eurohiria sustatzen ari den taldearekin martxoaren 9an Aieteko jauregian bilera egingo dutela jakinarazi zuen.
Aurtengoa muga guztiak gainditu dituen Francisco Escuderoren lana ezagutarazi eta gizarteari helarazteko urtea izateko, udal talde guztiek bat egin zuten EAJren erakunde adierazpenarekin. 2012an, euskal konpositorea jaio zela mendeurrena betetzen dela aditzera eman zuten EAJko zinegotziek. Honenbestez, musikariaren lana berreskuratu eta goraipatuko da ondorengo hilabeteetan.
Morlansen 70 etxe
Morlanseko auzuneak, halaber, etengabe jarraituko du aurten hazten. Jaurlaritzak Morlansen eraiki nahi dituen babes ofizialeko 70 etxeak egiteko asmoari ez diola uko egin zehaztu zuen PSE-EEk, nahiz eta, azken asteetan sortu den ika-mikaren ondoren, baieztapen hori ezbaian geratu. Udalbatzak, bada, mamu guztiak uxatu eta etxeak egiteko asmoarekin aurrera jarraitzeko eskatu zioten Gasteizko gobernuari.
Hiriari dagozkien ekimenak ez ezik, munduko beste lurralde batzuen alde egiteko tartea egin zuten udal taldeek. Hain zuzen, erbestean dagoen Tibeteko gobernuaren aldeko aitorpena egin zuten. EAJren eskaerak Bilduren eta PPren aldeko botoa jaso zuenez, martxoaren 10ean Tibeteko bandera udaletxeko balkoitik egongo da zintzilik.
PPko Jose Luis Arrue zinegotziak, era berean, aldarrikapen zahar bat berreskuratu zuen. Tecnaliaren behin betiko egoitza Miramonen kokatzeko eskatu zuten aho batez. Eusko Jaurlaritzari, Eusko Jaurlaritzari eta Miramongo Teknologia Parkeari eskaera horrekin bat egin dezatela aldarrikatu zuten.
Bilduk, berriz, pil-pilean dagoen gaiari heldu zion: Espainiako Gobernuak egin nahi duen sektore publikoko erreforma. PPko gobernuak hartu nahi dituen neurriak aurrera eginez gero, lan baldintzak txartu eta zerbitzu publikoaren kalitatea okertuko dela salatu zuen Juan Karlos Izagirre alkateak. Helburua sektore publikoa «pribatizatzea» dela ohartarazi du alkateak.
PSE-EEren boto aldaketa
Krisi garaian edozein neurri ezin dela hartu eta herritarren ongizatea murriztu ez dadin Bilduk aurkeztutako erakunde adierazpenarekin bat egin zuen EAJk. PSE-EEko zinegotziak, era berean, Espainiako Gobernuaren lan erreformaren kontra daudela aldarrikatu zuen Ernesto Gasco bozeramaileak. Bereziki, soldatapeko langileei kalte egingo diela nabarmendu zuen.
Erakunde adierazpena bozkatu aurretik, Espainiaren barruan egotea traba dela eta independentziaren aldeko deia egin zuen Juan Karlos Izagirrek. PSE-EEko kideek adierazpenok entzutean emango zuten botoa aldatzea erabaki zuten. PPko Ramon Gomezek greba eta pankarta atzean manifestazioetan parte hartzea leporatu dio alkateari, «donostiarren alde lanean aritu beharrean».
Uholdeen ondorioz Txomin Enean etxerik gabe geratu diren beharrei erantzuteko, udal gobernuak ez duela behar lukeen bezala jardun salatu du Aitziber San Roman EAJko zinegotziak. «Zenbait familik Ongizate sailak eskainitako etxe batean egoteko aukera izan dute hiru hilabetez, epe hori igarotzean, ordea, inork ez die esan etxe horretan jarraitzeko aukerarik ote zuten eta beste irtenbide batzuk bilatu dituzte». Behar bezalako arretarik ez dutela izan kexu ziren San Roman zein PSE-EEko Ernesto Gasco.
Aurrerantzean, halere, Eusko Jaurlaritzak eta udal gobernuak bizilagunek behin betiko irtenbidea bilatuko dutela azaldu zuen Ricardo Burutaran Hirigintza zinegotziak. Txomin Enean eraiki nahi dituzten 480 etxeak egiteko jaurlaritzaren laguntza jasotzeko eragozpenik ez dutela jarriko erantzun zuen Burutaranek, halaber.
Jaurlaritzaren parte hartzea eskatuko du udal gobernuak Sorospen Etxearen ardura eta gastuak Osakidetzak bere gain har ditzan. 24 orduko larrialdi zerbitzua irekita mantentzearen aldekoak dira udal talde guztiak. EAJk eta Bilduk, baina, garbi adierazi zuten udalaren eskumena ez dela.
Udal gobernuak zerbitzu hitzarmena hiru hilabetez luzatzea erabaki du. Osakidetzaren eta udal gobernuaren arteko hartu-emanek erabakiko dute, hortaz, osasun zerbitzuaren etorkizuna.
Egin dezagun bidea ekimenarekin «aldeko tratua» izan dutela salatu du EAJk
Santo Tomas egunean, Egin Dezagun Bidea ekimenak gune berezia antolatu zuen Trinitate plazan. Aurreikusita ez zegoen jarduera bat egiten uzteagatik Egin dezagun bidea ekimenari «aldeko tratua» izan dutela salatu du EAJk. Udal taldeak, hortaz, udal gobernuaren jarrera gaitzesteko mozioa aurkeztu zuen. Behar diren erantzukizunak mugatzeko eta isunik jarri beharko balitz, «espediente informatiboa bati ekitea» eskatu zuten.
Egin Dezagun Bidea ekimeneko kideek argitu dutenez, «beste inork ez zuen gune hori erabiltzeko eskaerarik egin, eta beraz, ez genuen gure aldeko traturik jaso; ezta gune berean beste jarduera batzuk egiteko aukera kendu». Mugimenduaren aldarrikapenak «euskal presoen eskubideen defentsa, muturreko egoerak pairatzen dituzten presoak etxeratzea, dispertsioarekin amaitzea» direla adierazi dute.