Hiritarren %70 euskara ezagutzen duen arren, soilik %15,9 erabiltzen du, eta horri buelta ematea da planaren helburua.
Euskararen erabilera bultzatzeko plana zehaztu dute Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek eta Euskara arduradun Nerea Txapartegik. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Euskararen erabilera indartzea helburu duen 2015-2019 epealdirako plan orokor berria aurkeztu dute gaur Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek eta Euskara arduradun Nerea Txapartegik. Plana datorren osteguneko udalbatzarran onartuko dute, eta ondoren udalaren webgunean eskegiko dute, denen eskura.
Alkatearen esanetan, Donostian euskara guztiz berreskuratzeko eta zabaltzeko helburua du planak: “Badakigu plana nahiko handinahia dela, baina gure ustez euskarak bultzada bat behar du, eta proiektu honekin jauzi kualitatibo bat egingo dugu hizkuntzaren normalizazio prozesuan”. Izagirrek euskararen inguruko datuak eman ditu; azken urtetan euskara ezagutzen dutela adierazten duten donostiarren ehunekoa handituz joan da etengabe, eta Euskal Herriko hirietatik Donostia da euskaldunen proportziorik handiena duena. Donostiako herritarren %40,6 euskaldunak dira, %28,6 ia-euskaldunak eta %30,8 erdaldun elebakarrak. Dena den, ezagutza eta erabileraren artean zulo handia dagoela nabarmendu du alkateak, izan ere, soziolinguistika klusterraren azken ikerketaren arabera, erabilera %15,9 da.
Beraz, planaren helburu nagusia euskararen erabilera indartzea dela adierazi du, donostiarrei euskaraz bizitzeko baldintzak eskainiz, sentsibilizazioa bultzatuz eta euskaraz ez dakitenak euskalduntzera erakarriz: “Hiru lehentasun nagusi ditu planak: parte hartzea bultzatzea, bai auzoetako eragile, euskara batzorde eta elkarteekin; erabilera sustatzea, batez ere aisialdi eta kirolean, eta euskaraz lehen hitza egitera animatzea; eta azkenik, ezagutza bultzatzea, euskaldunen kopurua hazten jarraitu dadin”.
Datozen lau urteetara begira
Plana datorren astean argitaratuko duten arren, Txapartegik datozen lau urteetara begirako bost oinarri estrategikoak azaldu ditu: “Azken urteetan udalak hirian euskararen erabilerari bultzada emateko indarrean izan dituen planei jarraitutasunez erantzuteko diseinatu da plana, modu parte hartzaile, planifikatu, integral eta iraunkorrean. Horrela, udalaren , eragileen, auzoetako batzordeetako kideen, Euskararen Aholku Batzordeko kideen eta prozesuan parte hartu duten norbanakoen ekarpenak jaso dira”.
Hala, helburu nagusiak finkatu ditu Euskara arduradunak:
–
Auzoetako plan integralak ugaritzen eta indartzen joatea: Euskararen Plan Orokorra hiriko auzo eta herrietako bizitzaren ezaugarri propioetara hurbildu eta etengabe egokitzen joatea beharrezkoa dela nabarmendu du Txapartegik, eta horretarako, ahalik eta auzo gehienek euskararen erabilera normalizatzeko bere plan integrala izatea da asmoa, bakoitzak bere errealitatera egokitutako helburu zehatzak finkatuz eta urtez urteko ekintza planak garatuz. Horretarako, Euskara Batzordeak auzo guztietan jarriko dituzte.
–
Aisian, kirolean eta arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzea: Kaleko erabilera indartzea estrategikoa dela iritzi dute planaren diseinuan parte hartu duten eragileek. Horretarako, kirola, aisialdia, merkataritza eta ostalaritza lehentasun osoko esparruak izango dira. Aisialdia eta kirolari dagokionez, hiriko euskarazko eskaintza areagotzea izango da egiteko nagusia. Horretarako, hiriko kirol talde zein aisialdi elkarte eta enpresetan eragiten saiatuko dira. Arlo sozioekonomikoan berriz, orain arteko lan-ildoan sakonduko dute, hau da, hiriko merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera areagotzeko ekimenak diseinatzen jarraituko dute, sektoreko profesionalek zein herritarrek euskaraz egin ahal izateko erraztasunak eskainiz eta lehen hitza euskaraz egiteari garrantzia emanez.
–
Euskararen ezagutza areagotzen jarraitzea: Euskararen erabileran aurrera egiteko euskal hiztun gehiago behar direla adierazi du Euskara arduradunak, nahiz eta azken urteetan Donostiako euskaldun kopurua handitzen joan den, batez ere gazteei dagokienean. Bere esanetan, oraindik euskalduntze-alfabetatze prozesua sustatzen jarraitu behar da euskara ikasteko baliabideak eskainiz.
Planaren oinarriak
1.
Egin bai, baina eragin gehiago:
Egitearen eta eragitearen arteko osagarritasuna bilatu behar du Euskara Zerbitzuak plan hau gauzatzerakoan. Bata eta bestea egin behar ditu, baina aurrerantzean eragiteari garrantzi handiago eman behar zaio. Euskara Zerbitzuari dagokio beste udal ataletan eragitea jarduerak euskaraz egin ditzaten edo euskaraz lan egin dezaten, baita entitate zein erakunde pribatuetan eragitea ere, hauek euskararen normalizazioa bere eguneroko jardunean bereganatua izan dezaten.
2.
Gazteak hizkuntzaren normalizazio prozesuan giltzarri:
Egungo donostiar gazte gehienek euskara dakite eta adin tarte honetan eragitea garrantzitsua da hizkuntz ohiturak finkatzeko. Gazteen ikuspegia eta errealitatea kontuan hartuz, beraiei zuzendutako ekintzak landuko dira.
3.
Udalaren eskumenak kontuan hartu eta erakundeen arteko koordinazioa landu:
Erakunde publiko guztiek parte hartzen dute hizkuntzaren normalizazio prozesuan, bakoitzak bere mailan. Zentzu horretan, donostiarren hizkuntza eskubideetan eragina izan dezakeen edozein egoeraren aurrean, udala dagokion erakundearekin harremanetan jarri eta egoera horri aurre egiten saiatuko da. Horretarako erakundeen arteko elkarlana eta koordinazioa landuko dute.
4.
Plan malgua:
Planaren eragin aldia 2015-2019 bada ere, kudeaketa urtez urteko ekintzen bitartez gauzatuko da. Ebaluazio jarraituak egingo dituzte, hau da, etengabeko segimenduak adierazten duenaren arabera, egokitzapenak egiteko aukera emanez.
5.
Tokian tokikoa inplementazioan:
Plan Orokorraren helburu eta ekintza orokorrak hiriko auzo eta herrietako bizitzaren ezaugarrietara etengabe egokitzea izango da helburu nagusietako bat.
Aurtengo kudeaketa plana
2015-2019 epealdirako plan markoa oinarri hartuta diseinatu da aurtengo kudeaketa plana, eta oraingoz, 80 jarduera aurrera eramatea aurreikusi du udalak. Txapartegiren esanetan, 1.464.000 euro bideratu dira planaren aurtengo zatia betetzeko.
Jarraian, aurten esparru bakoitzean aurrera eramango den jarduerak ikusi daitezke:
1.
Euskararen Jabekuntza: 22 jarduera
-Familia transmisioa (8): hitzaldiak eta tailerrak antolatzea eta gurasoentzako sentsibilizazio kanpainak egitea.
-Irakaskuntza (3):
Gu ere bertsotan, Haurrak beti jolasean egitasmoa…
-Euskalduntze-alfabetzatzea (11): Euskara ikasteko diru laguntzak, langabetuentzako doako ikastaroak, mintzalaguna laguntzea, mintzanet laguntzea, mintzodromoak antolatzea…
2.
Euskararen erabilera: 22 jarduera
-Arlo Sozioekonomikoa (10): Ikastaro bereziak merkatari eta ostalarientzat,
ere euskaraz kanpaina, errotulaziorako laguntzak…
-Aisialdia (9): Parketarrak, Oporretan euskaraz udalekua, Festan blai…
-Kirola (3): Kirol taldeetan euskararen erabilera bultzatzeko metodologia jarraitua eskaintzea.
3.
Euskararen elikadura: 18 jarduera
-Kulturgintza (11): Donostia Antzerki Saria, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa laguntzea, Euskarazko Produktuen Gida argitaratzea…
-Corpusa (3): Euskaltzaindiarekin lankidetza (toponimia, kale izendegia), Ahotsak egitasmoa laguntzea…
-Hedabideak (4): Irakurriz gozatu ekimena, diru laguntzak euskarazko hedabideei…
4.
Zehar lerroak: 18 jarduera
-Sentsibilizazioa/motibazioa (4): Tailerrak antolatzea,
Donostian ere euskaraz kanpaina, Euskararen Eguna….
-Zabalkundea (6): UEU, Korrika Kulturala laguntzea, Soziolingustika Klusterra laguntzea, Bagera…
-Auzoetako plan Integralak (8): 11 auzotan guztira, berriki Aieten eta Igeldon ere.