Euskaraz bizi nahi dutelako
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak proposatuta, eta Donostiako Euskalgintza Batzenek antolatuta, euskararen normalizazioan interesa duten hainbat banakok eta zenbait elkartetako ordezkariek topo egin dute aste honetan Parte Zaharreko Doctor Camino liburutegian. Euskaraz bizi nahi dut ekimenaren azalpena Euskal Herri osora eraman nahi du Kontseiluak.
Kontseiluko Maite Indak eman zituen azalpenak mintegi gisa antolatutako ekitaldian. Publikoan Bagera, AEK, Euskal Herrian Euskaraz eta euskararekin zerikusia duten beste hainbat eragileetako kideak izan ziren.
Hizkuntzaren normalizazioaren bidean egindako urratsen eta, zehazkiago, Kontseiluaren bidez gauzatutako ekimenen deskribapena egin zuen Indak, hauen arrazoiak eta emaitzak aletuz.
Bai euskarari atxikipen kanpainak izandako garrantzia nabarmentzearekin batera, hori gainditzeko beharra ere agerian utzi zuen Indak. Besteak beste, norbanakoak euskarara gerturatzeko arrazoietan, orain arte, «identitarioak nabarmendu dira gehien». Oraingo erronka, ordea, horiei «pragmatikoak» gehitzean datza. Pentsamendua aldatzeko Euskarari atxikitzeko arrazoi pragmatikoa sortzea da Euskaraz bizi nahi dut ekimenak lortu nahi dituen ondorioetako bat; baina, dinamika berriarekin Kontseiluak gauzatu nahi duena «pentsamenduaren aldaketa» dela adierazi zuen Indak. Askori kontzeptu «potoloa» iruditu zitzaien; dena den, hori egiteko gaitasuna egon badagoela adierazteko, alkoholaren eta gidatzearen inguru azken hamarkadako iritzi aldaketa ekarri zuen gogora.
Normalizazioaren bidean norbanakoen atxikimenduak garrantzia izanik ere, beste bi esparrutan lan egitea ezinbestekoa da: espazioen berreskuratzean eta administrazioaren hizkuntza politikak eragiten. Besteak beste, euskaldunek euskaraz gune guztietan jardun ahal izatea behar dutelako, eta hainbat egoera arauen bidez aldatzen direlako.
Are gehiago, hizlariak azaldutakoaren arabera, eraginkortasunari eta egungo ekonomia egoerari begira gomendagarria da hainbat gauza administrazioak arautzea. «Arau bidez egin daitekeena ez da diruz egin behar».
Bilera gazi-gozoa Indak ontzat jo zuen bilera-mintegiaren emaitza, naiz eta puntu ilun txiki bat ikusi zuen. Donostian izan arren, hiriko eta inguruko herrietako banakoei eta ordezkariei egin zitzaien bertaratzeko gonbita. «Pena eman zidan inguruko herri euskaldunetako jenderik ez ikusteak». Egungo gizarte ereduan mugikortasuna ekartzen duelako, eta «euskaldun horiek hiriburuan ere eragiteko ahalmena dutelako».
Indak, ordea, Donostiako euskalgintzaren inguru zuen irudi baikorra berretsi zuen. «Hiriburuen artean Donostia ez da bakarrik euskaldunena, baizik eta euskalgintzako eragile koordinatuenak dituena ere bada».
Donostiako euskalgintza, beraz, beste hiriburuetan ari direnentzako eredua izan daiteke normalizazioaren aldarrian.