Legegintzaldiko lehen udalbatzarra astelehen goizean egin zuten, EAJk eta PSE-EEk osatutako udal gobernua buru. Ordu eta erdi inguru iraun zuen saioak.
Legegintzaldiko lehen udalbatzarra egin dute aste honetan. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Donostiako zinegotzien soldatak izoztuko dituzte, iaz gertatu bezala. Erabakia astelehenean hartu zuten, ekaineko udalbatzarra zela eta.
EAJ, PSE-EEk eta PPk erabakiaren alde bozkatu zuten; EH Bilduk eta Irabazi Donostiak, aldiz, abstentzioaren aldeko hautua egin zuten. Hala, aurreko legegintzaldiko soldatak mantenduko dituzte zinegotziek.
Dena den,
Donostiako alkate Eneko Goiak adierazi zuenez, soldata horiek mugatuta egongo dira neurri handi batean, PPk Espainian onartutako Toki eta Administrazioaren Arrazionalizazio eta Iraunkortasunari buruzko 27/2013 legeak baldintzatuta. Lege horren aurka egon arren, Goiak nabarmendu zuen behartuta daudela betetzera.
Honela gauzak,
alkatearen urteko soldata 80.803 eurokoa izango da. Ataletako hamaika zinegotzi ordezkariena –Gobernu Batzarrean eskuordetutako eskumenak izango dituztenena, alegia–, aldiz,
66.323 eurokoa izango da.
EH Bildu, PP eta Irabazi Donostiak izango dituzten hiru bozeramaileek ere
66.323 euro jasoko dituzte.
Hiru zinegotzik –EAJ, PSE-EE eta EH Bilduko bana–
50.940 euro izango dute urteko soldata gisa.
Bestalde, legearen arabera, gainontzeko bederatzi zinegotziek zatiko arduraldiko araubidean bete beharko dituzte karguari dagozkion eginkizunak. Zatiko arduraldia gehienez %75 izango da; gutxienekoa, berriz, 1.193 ordukoa.
Ehuneko hori kalkulatzeko, eginkizunak honela batuko dituzte: batzorde iraunkor bateko lehendakaria izateagatik, %30; batzorde iraunkor bateko lehendakariordea izateagatik, %20; eta erakunde publiko edo tokiko merkataritza elkarteko artekaritza edo administrazio kontseilu bateko kide izateagatik, %15.
Arduraldiaren kalkulua zinegotziek betetzen dituzten karguen arabera egingo dute, eta urteko
50.940 euro izango da oinarria.
Azkenik, denbora osora edo zatika aritzen ez diren Gobernu Batzarreko kide ez hautetsiek, administrazio publikoetako edo haien baitako erakunde, elkarte edo enpresetako langile izan ala ez, udaleko organo kolegiatuetan parte hartzeagatik dagokiena jasoko dute, organo horietako kide badira. Hala, osoko bilkuran izateagatik
253,72 euro jasoko dituzte. Batzordeetan izateagatik –orokor eta berezietan–, berriz,
169,15 euro.
Lansariak eta laguntzak langile funtzionarioen 2015eko lansarien arabera eguneratuko dituzte.
Denbora osora
Alkatea. Urtean 80.803 euro jasoko ditu.
Udal gobernuko sailetako buru diren hamaika zinegotzi ordezkariak. Urtean 66.323 euro jasoko dituzte.
EH Bildu, PP eta Irabazi Donostiako bozeramaileak. Urtean 66.323 euro jasoko dituzte.
EAJ, PSE-EE eta EH Bilduko zinegotzi bana. Urtean 50.940 euro jasoko dituzte.