'Gara'-ren aldeko elkartasun jaialdia Illunbera aldatu dute sarreren salmenta arrakastatsua dela eta
Kokapen berriak 10.000 pertsonentzako lekua eskainiko du. Sarrerak asteartean jarriko dituzte berriz salgai, 10:00etatik aurrera.
Ekainaren 9an Donostian egingo den Gara-ren elkartasun jaialdia Belodromotik Illunbera lekualdatu dute bere antolatzaileek, publikoarentzako tokia handitzeko asmoarekin. Izan ere, Naiz-en webgunean salgai jarri ziren sarrerak 20 minututan agortu ziren joan den asteartean, eta eskari kopuru handia ikusita, beste kokapen bat erabiltzeko aukera aztertuko zuela adierazi zuen euskal hedabideak.
Azkenean Illunbe izan da hautatua, 10.000 pertsonentzako lekua eta eraikinaren kanpoaldean karpak jartzeko aukera eskaintzen dituelako. Sarrera berriak apirilaren 30ean jarriko dituzte salgai esteka honetan, 10:00etatik aurrera.
Elkartasun jaialdia Auzitegi Nazionalak Gara-ri ezarritako Egin-en hiru milioi euroko zorra dela-eta egingo dute, eta musika talde ugarik hartuko dute parte bertan, hala nola Berri Txarrak, Soziedad Alkoholika, Hunbtza, Esne Beltza, Gatibu, Nogen, Itziarren Semeak, Talco, Los Zopilotes Txirriaos, La Furia, Hesian, Siroka eta Valtonyc.