Jexux Arrizabalaga: 'Rekalde'
Denok ditugu gustuko tokiak: goizean kafea hartzeko, lagunekin elkartzeko, buelta bat ematera joateko, kirola egiteko, afaltzera joateko eta abar. Zergatik leku bat aukeratzen dugun eta ez beste bat? Arrazoiak subjetiboak eta askotarikoak dira.
Hamazazpi urte egin ondoren (2001-2018) abenduaren 30ean esan zion agur Aldamar kalean dagoen Rekalde tabernak bere ibilbide xarmangarriari. Auzoan xarma berezia izan duen taberna izan delako diot xarmangarria. Ez da izan taberna dotorea, bai, ordea, erosoa; ez da izan espazio handikoa, bai, ordea, xarma berezikoa. Auzoko txoko erreferentziala izan da hitzorduak egiteko garaian; mobidaren batean gabiltzanontzako, baita denbora tarte bat libre izan eta une atsegin bat pasatu nahi izan duenarentzako. Gogoratzen naiz ostiraleko enkartelada bukatu eta nola presaka mahaia hartzera joaten zen Balentxi, bere lagun Marisol, Agurtzane, Josemari,…rekin afari pasada egitera.
Horrez gainera, maiztasun dezenterekin kantu emanaldiak “a capela” edo gitarrarekin lagunduta, bertso saio inprobisatuak eta antolatuak, tertulia itxiak eta irekiak, gaueko jendearen betekadak… Rekalde internazionalisten, feministen, euskaltzaleen, mota guztietako solidarioen, hitz batean, alternatiboen txokoa izan da.
Agus izan da honen guztiaren arima, antolatzailea, animatzailea, asmatzailea. Baita, zirikatzailea, adar jotzailea, alaitzailea, laguntzailea eta abar ere. Hasieratik hartutako bide horri koherentziarekin heldu dio eta urtea joan urtea etorri betiko xarma horri eutsi dio.
Orduan, zergatik egin digu agur? Jakina, ez da izan nagusia aberastu delako edo aspertu egin delako; azken aldi honetan auzo santu honetan sartu zaigun gaitz berri batengatik baizik: espekulazioagatik, hain zuzen ere.
Orain, filosofia berarekin Gros auzoan urtarrilaren bigarren astean Pandora izenarekin Txofre kalean irekiko du Agusek taberna. Bisitatuko dugu.