Dagoeneko martxan jarri dute Bidebietan, eta aurki Egian eta Loiolan hasiko dira.
Osasun fisiko eta sozialak zainduko dituzte Goizaldiak programan. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Udalak
Goizaldiak programa jarri du martxan, bakardadea pairatzeko arriskua edo dagoeneko sufritzen duten 75 urtetik gorako pertsona ahulentzat. Gizarte Ongizateko zinegotzi Jon Albizuk aurkeztu du programa, eta 1 mendekotasun maila gainditzen ez dutenenetza bideratuta dagoela adierazi du. Zerbitzua dagoeneko martxan jarri dute gaur Bidebietako Guardaplata Elkartean, eta Egiako Egiatarra Elkartean eta Loiolako Gure Babesa Elkartean hasiko dira.
Albizuk azaldu duenez, ondo egon arren nolabaiteko laguntza behar dutenei zuzenduta dago programa: “Heburua pertsona horien autonomia mantentzen laguntzea da, beraien ohiko inguruan mantenduz eta sozializazioa bultzatuz; kasu askotan isolamendu egoerak konpentsatzea beharrezkoa dela ikusi dugu”.
Horrela, programa nolabaiteko ahulezia daukaten, beste pertsonekin harremanetan jartzeko beharra duten eta bakarrik bizi diren pertsonei alternatiba bat bilatzeko diseinatu dute. Programa egunean egingo da, bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin.
Egonaldia hainbat jarduerekin osatzen da, besteak beste, gimnasia egokitua, erlaxazio tailerra, eskulan terapia, memoria tailerra, aisialdi tailerra, prentsa tailerra, errealitatera orientazioa, ikus-entzunezkoen tailerra, musikoterapia tailerra eta ospakizun eta urtebetetzeak. Hiru alorretako jarduerak dira: osasun fisikoaren promozioa, osasun kognitiboaren promozioa eta harreman sozial eta integrazioaren promozioa.
Programa hiru talderekin hasi dute eta hauetako bakoitzak monitore bat izango du, ondoren eskaera dagoen guneetara zabaltzeko asmoarekin. Beste auzotan lan egiten ari dira, besteak beste, Amaran, non lokal bat bilatzen ari diren: “Lehen pausoak ikertuko ditugu, eta dena ondo badoa, hurrengo auzoa Amara izatea nahi dugu”.
Zerbitzua astelehenetik ostiralera emango da, batez ere goizeko ordutegian: 10:00etatik 13:30era eta urte guztian zehar, 44 astean, Aste Santuko Pazko astean Abuztuan Gabonetan, eta abenduaren 24tik urtarrilaren 2ra salbu.
Gehienez 10 eta 15 pertsona arteko taldeetan bilduko dituzte parte hartzaileak, eta zerbitzua ordaintzeko kontuan izango dituzte bizikidetza unitatearen urteko errenta guztiak.
Interesa duten pertsonek 943 48 14 00 telefonora deitu dezakete, edo harremanetan jarri zonaldeko gizarte zerbitzuen zentroarekin.