Jon Odriozola: 'Irudiz irudi'
Jon Odriozola, Futbologia
Lehengo asteartean Anoetan ikusitako pelikularen amaiera ez zitzaidan gustatu. Momentu onak izan zituen ia bi orduko filmak, baina azkenean pot egin zuen. 65. minututik aurrera ez nintzen eroso egon. Ezta nire ingurukoak ere. Kanpoko taldearen aktoreak ez ziren punta-puntakoak –izen handikoak–, baina jasotako gidoia ondo antzeztu zuten.
Jende asko izan zen Anoetan. Ia bete zen. Inori ez zaio estreinaldi handietan hutsik egitea gustatzen. Guztia prest. Dena panpox-panpox. Giro ederra. Harmailetan hamaika kamera; sakelako telefonoek lan franko izan zuten hasierako oihalaren igoerako irudiak hartzen. Jendea harro taldeak iaz egin zuen lanarekin; bestela ez litzateke talde txuri-urdina Txapeldunen Ligako alfonbra gorritik ibiliko.
Astearteko emanaldiaren amaieran jendeak aktoreen lana txaloz eskertu zuen. Sail Ofizialeko bost film falta dira. Helburua ez da Urrezko Maskorra erdiestea, Europako agertoki ezberdinetan barrena, glamour-ra nagusi den horietan, hemen ere, futbol duin eta txukuna egiten dela jakinaraztea baizik. Ikastea eta erakustea. Realeko gazteek ere euren Txapeldunen Liga jokatzeko parada izango dute –3-2 hartu zuten Shakhtar mendean–. Erasmus paregabea.
Europako Zinemaldi berezi honek, Sail Ofizialaz gain, eskaintza asko ditu: Zuzendari Berriak, Perlak… Eta, noski, zaletua. Erakundearen hauspoa. Hain egoera ekonomiko larrian esfortzu bat egin, eta taldearen ondoan daudenak. Anoetan, zein beste agertokietan. Baina ez diezagutela foku eta flashek errealitatea ikustea galarazi. Espainiako Liga da taldearen erronka. Hainbestetan esan den eguneroko ogia. Eta bihar beste atal bat ikusiko dugu. Beste film bat. Eta ez da samurra izango.
Etxeko azken partidetan –At. Madril eta Shakhtar– Realak huts egin du, eta Malagaren aurkako lehia garrantzitsua da oso. Garaipenak oinaze bat baino gehiago arinduko luke, asteartean, Bartzelonan cule-en aurka jokatu aurretik. Bi begi-ondokoren ostean, goiari eusteko unea da.
Ez da filmazio erraza izango, Malagak, Realaren puntu antsietatearekin jokatuko baitu. Andaluziarrek ez dute orain gutxi zuten talde handia, baina Schusterren koadrilak lanak emango dizkio Arrasateren taldeari. Ah, bitxikeria bat. Alemaniar entrenatzaileak, jokalari gisa, bi denboraldi eman zituen Bayer Leverkusenen (1993-95), eta Shakhtar 2003an entrenatu zuen.
Filmatzera. Klaketa. Argiak, kamerak, ekin!