Kote Olaizolaren omenez
Maiatzean hil zen Bera Berako sortzaileetako bat izan zena, kirolaren alde gogor lan egin zuen donostiarra; hainbat elkarte eta norbanako batu egin dira, eta Anoetako kirol gune bati bere izena jartzea proposatu dute.
Fernando Diez; Bera Bera kirol elkarteko presidentea: “Alderdi politikoek gurekin bat egingo dutela uste dugu”
Fernando Diez Bera Bera kirol elkarteko presidentea da, eta ongi baino hobeto ezagutzen zuen Kote Olaizola. Hainbat kirol mugimendutan elkarrekin lan egin zuten, eta lagun minak izan ziren. Olaizolaren izena mantentzeko ekimenaren bultzatzaileetako bat izan da Diez, eta oraindik ere hunkitu egiten da bere lagunaz hitz egiterakoan.
Nondik nora sortu da ideia?
Kote hil zenean, beilategian elkartu ginenen artean hizketan hasi ginen. Zerbait egin nahi genuen, eta segituan biltzen hasi ginen. Ekainean hasi ginen lanean, lehenengo kuadrillakoak eta gertukoenak, eta gero, jende gehiagori deitu genion. Hasieratik 19 lagun inguru aritu gara lanean, eta hainbat kluben, federazioen, ezagunen eta kirolarien atxikimendua lortu dugu. Orain, publikoa egin dugu, eta oraindik ere atxikimendu gehiago lortu nahi ditugu.
Zenbat lagunek bat egin duzue momentuz ekimenarekin?
Ehun pertsona eta elkarte baino gehiago batu gara; Bera Bera, Fortuna, Donostiako Atletiko, federazioak, Donostiako Zinemaldia, enpresa batzuk, kirolariak, norbanakoak… bereziki orain arte klub eta federazioetara zuzendu gara, eta orain Kote kirol munduan ezagutu dutenengana jo nahi dugu, saskibaloi eta errugbi jokalariak, atletak… eta noski, jende guztiari eman nahi diogu gurekin bat egiteko aukera.
Udalarekin harremanetan jarri zarete?
Udaleko alderdi politikoekin elkartu gara, eta guk osatutako txostena eman diegu, gaia jorratzen joan daitezen. Alderdi politikoek gurekin bat egingo dutela uste dugu.
Zein guneri eman nahiko zeniokete Kote Olaizola izena?
Illunbe eta Anoetako estadio txikiaren artean gabiltza. Hasieran Illunberi Kote Olaizola Arena izena jartzea pentsatu genuen, baina Illunberen kontura izaten ari diren gora beherekin, estadio txikiarekin oroitu gara, ez baitu beste izenik. Estadio txikia ere Koterekin oso lotua dago, bertan errugbian jokatzen baitute, eta atletismo txapelketak ere izaten dira. Gainera, ziur aski Illunben baino jende gehiago ibiltzen da, egunero mugimendua baitago eta ez partidetan bakarrik.
Olaizolak hori eta gehiago merezi duela pentsatzen duzue, ezta?
Bai, egia esan, bai. Ni bere lagun mina nintzen, eta klubeko hainbat kontu eramaten elkarrekin ibili ginen. Izugarri egin zuen kirolarengatik.
Ekimen honetaz gain, omenaldiren bat egiteko asmoa duzue?
Bere izena hartzen duen lekuaren ondoan eskultura bat jartzea pentsatu dugu. Bera Berak ere omenaldiak egin nahi dizkio, Anoetako estadio txikian jokatuko duten lehen errugbi partidan, esaterako. Gero, Gabonetan klubaren ospakizuna egiten badugu, urrezko domina emango diegu bere senideei. Datorren urteko danborrada ere oso hunkigarria izango da, Kotek parte hartzen baitzuen eta baita bere seme-alabek ere, eta hor ere omenaldi bat egingo diogu. Egia esan oraindik ere hunkitu egiten naiz berataz hitz egitean…
Ideia ugariren bultzatzaile eta sortzaile bezala oroituko dute askok Jose Ignacio Olaizola donostiarra. Kote bezala ezaguna zen guztien artean, eta zoritxarrez, maiatzean agur esan zuen, 60 urte zituela, bihotzekoak jota. Kirol arloan pertsona ezaguna zen, Donostiako Bera Bera klubeko sortzaileetako bat izan baitzen, besteak beste; eta bere azken urteetan Donostia Kirolaken lanean ziharduen. Galera handia sortu zuen Koteren heriotzak Donostiako kirol arloan, bereziki, eta bere oroimenak bizirik dirau. Bere gertukoenek etengabe lanean aritu dira merezitako omenaldiak jaso ditzan, eta lehengo ostegunean jakinarazi zuten udalari eskaera egin diotela. Zehazki, Anoetako kirol gune batek Kote Olaizolaren izena izatea nahi dute. 50 lagun inguruk bat egin zuten ekimenaren aurkezpenean. Orain, udalak hartu beharko du erabakia.
Atletismoarekin, saskibaloiarekin eta errugbiarekin lotura handia izan zuen Olaizolak bereziki. Atletismoarekin ekin zion kirola egiteari, xabalinak jaurtitzen, Donostiako Atletikon; eta arkitekto-laguntzaile ikasketak Burgosen egiten ari zela, errugbian hasi zen. Emakumezkoen Donosti eta Juven saskibaloi taldeetako entrenatzailea ere izan zen. Espainiako Errugbi Federazioko presidente izateko hautagaia zela, eta kanpainan murgilduta zebilela, Andaluzian, bihotzekoa izan zuen joan den maiatzean.
Atxikimendu gehiagoren bila
Aipatu bezala, Anoetako kirol gune bati Koteren izena emateko eskatu dute hainbat norbanako eta klubek; eta ez da gutxiagorako. Izan ere, kirolaria izateaz gain, entrenatzaile eta kirol klubetako zuzendaritza kide ere izan zen; eta Kirolgi eta Eurored moduko ekimenen bultzatzailea. Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol zuzendaritzan ere aritu zen, lurraldeko kirol jarduera bultzatuz. Ekimenarekin bat egin nahi dutenek, posta elektroniko honetara idatzi behar dute: amigosdekoteolaizola@gmail.com. Ahalik eta atxikimendu gehien lortu nahi dituzte, indar gehiago izateko.