Merezitako omenaldia jasotzen ari da
Francisco Escudero hildako musikagile donostiarra omentzeko bi kontzertu berri iristear dira; gaur eta azaroaren 26an
Francisco Escudero donostiarra euskal musikagile handien artean dago. Aurten, bere jaiotzaren mendeurrena bete da, eta hainbat jarduera eta kontzerturen bidez musikaria omentzen ari dira. Zehazki, Classic programaren barnean, Gaur eta azaroaren 26an, bi kontzertu eskainiko dizkiote maisu handiari; eta bertan, bere obretako batzuk interpretatuko dituzte musikariek.
Francisco Escudero Musika Kontserbatorio Profesionalak eta Cultura Musical elkarteak egindako lanari esker, hainbat musikari profesionalek kontzertua eskainiko dute gaur arratsaldean. Zehazki, kontserbatorioko irakasleek, eta Euskadiko eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoetako musikariek parte hartuko dute kontzertuan. Ahots eta pianorako lau obra interpretatuko dituzte, Eiqui, Artaso, Hiru euskal abesti (Matzaren orpotik, Urrundik eta Aberri mattiari), Poema al entierro de cristo, Allerseelen eta Cacilie. Instrumentu taldeek, berriz, beste hiru obra interpretatuko dituzte, Tres piezas rusticas, Cuarteto en Sol eta Uranzu.
Datorren astelehenean, azaroak 26, eszenatoki berean, Musikene Orkestra gaztearen txanda izango da. Kontzertu horretan, Donostiako eskolako musika ikasleek estilo desberdinetako hiru obra eskainiko dituzte, Debussyren Prelude a l’aspres-midi d’un faune, Weberren Fagot eta orkestrarentzako kontzertua, eta Escuderoren Bosgarren Sinfonia: Ultreia. Kontzertu hori, Musikenek Classic zikloaren barnean egingo duen lehen lankidetza izango da.
Musikari eskainitako bizitza
Donostian jaio zen Escudero 1912an, eta txikia zela, Zarautzera joan zen bizitzera bere familiarekin. Bertako musika bandan eta udal musika akademian ekin zien musika ikasketei, eta aurrerago, Donostiako kontserbatorioan jarraitu zuen ikasketekin. Gainera, Madrilen eta Parisen bere ikasketak zabaltzeko aukera ere izan zuen. Aurrerago, 1936ko Gerra garaian, erbesteratua egon zen, eta itzuli zenean, kontzentrazio esparru batean sartu zuten. Edonola ere, behin giroa lasaitu zenean, musikagintzan jarraitzeko aukera izan zuen, eta Donostiako Musika Kontserbatorioko zuzendaria izan zen 1962tik 1982ra. Bere musika ibilbidean obra asko sortu zituen, sinfoniko koralak edo operak, esaterako. Gainera, hainbat sorkuntza egin zituen enkarguz.