Talde lanean oinarritu nahi du bere jarduna Montse Puchek, Bera Bera Eskubaloiko entrenatzaile postuan; denboraldi berriari indartsu ekiteko gogoz dago madrildarra.
Montse Puche; bera bera eskubaloiko entrenatzailea.
(Argazkia: Estitxu Zabala)
2014-2015 denboraldiaren bukaeran Aitor Etxabururen lekukoa hartu zuen Montse Puchek (Madril, 1970). Aurretik ongi ezagutzen zuen taldea, Bera Berako jokalaria izan baitzen duela zortzi urte. Denboraldi-aurreko entrenamendu saioei aste honetan bertan ekin die taldeak, Pucheren zuzendaritzapean; beraz, aurten hasieratik dena bere gustura egiteko aukera izango du. Eider Rubio donostiarra izango du laguntzaile lanetan.
Joan den denboraldiaren hondarrean iritsi zinen. Denboraldi berria desberdina izango da, ezta?
Ez da gauza bera denboraldi erdia baino gehiago egina duen talde batera iristea, dagoeneko jokatzeko estilo batekin, eta ni iritsi eta egokitzen saiatzea eta transmititzea. Orain, hasieratik saiatuko naiz taldearen jokatzeko modua definitzen, eta ahalik eta zuku gehien ateratzen. Gure alderdi indartsuenak azaleratu behar ditugu, eta akatsak ezkutatu.
Uztailean jada hasi zara taldearekin lanean. Hori ez omen zen sekula gertatu.
Bai, denboraldi-aurrea oso garrantzitsua da, jokalarien urte osoko egoera fisikoa baldintzatzen baitu. Orduan, prestatzaile fisikoarekin oso harreman estua dut, bere entrenamenduak nirekin guztiz koordinatuak egoteko. Talde sendo bat egin nahi dut, dauzkagun jokalarien arabera antolatua.
Dagoeneko zehaztuak dituzue lagunarteko partidak. Indartsu hasiko zarete?
Bueno, hasteko ongi dagoela uste dut. Zuazoren aurka, esaterako, abuztuaren 14an jokatuko dugu, eta kontutan izateko taldea da, indartu egin baita. Bereziki astebetez Frantziara joatea ongi etorriko zaigu, gure jokoa finkatzeko, maila garrantzitsu bat duten aurkariekin. Gainera, Ohorezko Mailako taldeen monotoniatik alde egingo dugu, talde berrien aurka jokatuko dugu eta aurrerago topa dezakegunaren aurrean prestatuko gaitu. Niretzako hori oso garrantzitsua da.
Bigarren taldeko hainbat jokalarik egingo dute zuekin denboraldi-aurrea. Zer moduzko harrobia du Bera Berak?
Begira, ni 2007-2008 denboraldian etorri nintzen lehenengoz klub honetara, jokalari moduan. Gero, 2014-2015 denboraldian itzuli naiz, eta sekulako jauzia nabaritu dut klubaren oinarrian. Gora egin du zalantzarik gabe, urtez urte jokalari eta talde gehiago ditu. Gainera, mutilen taldeak ere sortu dituzte. Nire ustez harrobiarentzat oso polita da Ohorezko Mailako taldea ikustea. Benetan eskubaloia gogoko badute eta jokalariak izan nahi badute, aukera izango dutelako. Sari bat da, gainera, harrobitik orain arte dauden jokalarientzat.
Pozik zaude osatu duzuen taldearekin?
Bai! Oso pozik, zalantzarik gabe. Garrantzitsuena da taldeak lehiakorra izaten jarraitzen duela, eta lehiakorra izaten jarraitzen duen bitartean ni pozik egongo naiz. Gero, kontua da hori erakustea.
Zu iritsi zinenean taldeak azkartasunean irabazi zuela dio Eider Rubiok. Hori da egin nahi duzun aldaketa nagusia?
Bereziki talde dinamikoa eta indartsua izatea nahi dut. Taldeak jokoaren fase guztiak menderatu ditzala, eta ez dezala galdu Bera Bera beti ezaugarritu duen defentsa. Gero, iritsi nintzenean hasi nuen lanarekin jarraituko dut; banekien taldea defentsan ongi moldatzen zela, baina banekien, aldi berean, arazo asko zituela trantsizioan, baloia igotzerakoan eta erasoan. Bereziki erasoko kokapenean hutsune asko zituen, eta hori hobetzeko zer egin behar den transmititu nahi diet. Lau kontu oso argi ditut, eta horrek ezarriko du taldearen jokoa. Talde lana izango da garrantzitsuena; denak gara garrantzisuak eta guztiak taldearekin identifikatuak sentitzea nahi dut.
Azken urteetan Bera Bera titulu guztiak irabazten ari da. Ez da erronka makala izango maila hori mantentzea. Zein izango da helburua?
Taldearen kalitatea pixka bat jaitsi da aurten, eta helburua partidaz partida irabaztea izango da. Lehiako puntu horiek nola banatzen diren ikusita, helburuak igotzen joango naiz. Klubak, jokalariek eta zaleek goza dezatela saiatzen.
Nolakoa izango da datorren urteko Ohorezko Mailako Liga?
Nire iritziz, Guardes da hobekien osatzen ari den taldea. Angolako lau jokalari dituzte eta ez dakit lauek jarraituko duten, baina, hala bada, titulua lortzeko borrokan ibiliko dira.
EHF Kopan ere parte hartuko duzue. Goxoki bat izango da jokalarientzat?
Bai, joan den denboraldian egindako lana sarituko duela uste dut. Zerbait polita egiteko aukera asko ditugu; ez daukagu ezer ere galtzeko eta asko irabazi dezakegu. Erronka polit bat da.
Reyes Karrere joan zenetik aldaketa ugari egon dira entrenatzaile postuan. Zuk datozen bi denboraldietarako sinatu duzu; etorkizunera begiratzen duzu?
Galdera hori agian nagusiei egin beharko genieke… Nire aldetik behintzat hona etortzeko proposamena egin zidatenean ez nuen inolako zalantzarik izan. Sentitzen dudan eta nahi dudan zerbait da, eta gogoa dut. Ilusio handiz eta gogoarekin hartu dut erronka, eta dena emango dut.
Eider Rubioren laguntza izango duzu. Beti dator ongi bigarren iritzi bat izatea, ezta?
Argi dago lau begik bik baino gehiago ikusten dutela; eta oraindik gehiago Eiderrek duen ibilbidea kontutan izanda. Argi dago bere ekarpena oso garrantzitsua izango dela.
Zer moduzkoa da Bidebietako zalegoa?
Zertxobait hotza nabaritzen dut, eta klubean pixka bat gehiago sartzea nahiko nuke. Baina gure publikoa orokorrean oso fidela da eta ulertzen du eskubaloiaz. Badakite hau zertaz doan, eta errespetu osoa merezi dute gure aldetik. Beraiek gabe ez ginateke ezer ere izango.
Gainontzean, zer moduz zaude Donostian?
Hemen jendea oso ongi portatzen da nirekin, ez daukat inolako kexarik. Jokalari gisa etorri nintzenean urtebete egin nuen Bidebietan bizitzen, eta joan den denboraldiaren bukaera ere Bidebietan egin nuen. Orain, pixka bat aldenduko naiz; bestela ez dut lanetik deskonektatzen.