"Nork esango dau ez dagoela bertsolari emakumerik"
Iratxe Ibarrak ez du arrazoi faltarik izan Konstituzio plazan botatako bertsoan, bertsolari emakumeak izan baitira goizeko protagonistak. Bertso Egunari hasiera eman dio Parte Zaharrean barrena egindako bertso-poteoak, hainbat bertsolaze, bertsolari eta feminista elkartuz.
Emakume bertsolariak edo bertsolari emakumeak, horiexek izan dira goizeko protagonistak Parte Zaharreko kaleetan barrena.”Nork esango dau ez dagoela bertsolari emakumerik”, halaxe kantatu du Iratxe Ibarrak Konstituzio plazan, eta arrazoiarekin, gaurkoan argi geratu baita emakume bertsolariak egon badirela, eta ez nolanahikoak gainera. Bertso Egunaren harira egun osoko egitaraua prestatu du Bertsozale Elkarteak, eta bertso-poteoa izan da eguneko lehen ekitaldia. Egitarauaren arabera, hamar bertsolarik abestu behar zuten poteoan, baina gehiago izan dira azkenean, batak bestearen babesean bertsotan badakitela erakutsi baitute askok. Andrabanda eta Sorginbanda batukadek jarri diote erritmoa poteoari, eta hainbat bertsozale, bertsolari eta feminista izan dituzte inguruan. Azalera da aurtengo Bertso Egunaren leloa, eta goizean behintzat lortu dute emakumeak azalera eramatea, zalantzarik gabe.
Bulebarrean hasi dute poteoa, eta Garagar tabernan egin dute lehen geldialdia. Bertan Iratxe Ibarrak, Erika Lagomak eta Amaia Iturriotzek abestu dituzte eguneko lehen bertsoak. Euria ari zuen goitik behera geratu gabe, baina bazirudien eguraldiak ere bertsolariekin bat egin zuela, segituan geratu baitu, poteoan ibiltzeko aukera hobea emanez. Batukaden erritmoan sartu dira bertsolari eta bertsozale guztiak Parte Zaharrean, eta Herria tabernan egin dute bertsotarako hurrengo geldialdia. Ipurdiak estutu eta tabernako leihoan eserita kantatu dute Miren Artetxe, Ane Zuazubizkar eta Ane Labaka bertsolariek, bertsozaleak euren inguruan adi-adi zituzten bitartean. “Leiho zabal bat bakarrik dago zuek ta gure artean”, abestu du Labakak, eta txantxetarako tarte aparta izan dute ipurdiak estu zituztela eta. Hirugarren saioak Konstituzio plazako Ambrosio taberna izan du eszenatoki. Hasiera batean bazirudien Amaia Agirrek eta Maddi Sarasuak bakarrik aritu behar zutela parez pare kantari, eta halaxe hasi dira, generoaren gaia landuz. “Ez al zara ohartu nesken eguna da”, kantatu du Sarasuak, eta bati eta besteari zirikatuz, azkenean hamar bat emakume aritu dira koplaka. “Gora obario festa” ere bota du Artetxek batean. Noski, orduantxe, hainbeste emakume bertsolari baturik zeudela, izan da Ibarrak “nork esango dau ez dagoela bertsolari emakumerik” kantatu duenean. Berriro ere batukadek zabaldu dute bidea, eta Herriara itzulita azken saioa egin dute.
Bertso poteoa bai, baina bertsoak ez dira bukatu oraindik. Kursaalen 18:00etan izango den ekitaldi nagusiak emango dio jarraipena Bertso Egunari, eta 21:00etan Manteon izango den afarian ere bertsoak nagusi izango dira. Hasiera ordua jarria dago, bukaerakoa, ordea, ez.