Bazen behin Intxaurrondo

Baserriz eta sagardotegiz josia, errepide eta baliabide eskasekoa, Altzaren barneko auzoa… gutxi gogoratuko dira auzo hartaz, baina bizilagunen jakinmina asetzeko bisita gidatua egin dute Kaldero Jaun jaien barnean.

Intxaurrondo, bisita gidatua.

Parada baserria. (Argazkia: E. Zabala)

Euren auzoaren historia hobeto ezagutzeko aukera izan zuten Intxaurrondoko bizilagunek, joan den larunbatean. Izan ere, auzoan barrena bisitaldi historikoa antolatu zuten, Kaldero Jaun jaien barnean ospatutako III. Intxaurrondo Egunaren harira. Garai bateko Intxaurrondok eta egungoak dituzten ezaugarriak eta bilakaeraren berri jaso zuten bisitako partaideek. Hala, jakin zuten, besteak beste, baserriz josia zegoela duela 60 urte ingurura arte, sagardotegi ugari zituela, Altzako auzo izan zela eta baliabide eta errepide eskasak izan zituela urte askoan.

Azken batean, urte guMtxian izugarri hazi zen auzoa da Intxaurrondo; 1950. hamarraldian 850 bizilagun izatetik 1975ean 7.100 izatera igaro baitzen, gaur egungo 17.000 bizilagun ingurura iritsi arte. Josean San Roman, Begoña Alzaga eta Maite Berzosa arduratu ziren azalpenak emateaz, Granujas a todo ritmo bandak bideari musika jarri zion bitartean.

Mirakruz Gainetik abiatuta, bost geldialdi izan zituen ibilaldiak, ordu eta erdi inguruan. Ibilaldi gehiago antolatzeko asmoa ere badute.

PARADA BASERRIA.
Intxaurrondoko historian atzera egitean, ezinbestekoa da Mirakruz Gaineko Parada baserria bisitatzea. Izan ere, dokumentatua dagoen orube zaharrena da, 1200 urte inguruan. Inguru hori muga izan zen eta gerra karlistetan eta hainbat gotorleku egon ziren bertan. Errepide berria 1847an egin zuten, eta horren harira hasi ziren lehen etxebizitzak eraikitzen. Hala, 1893an Arzak jatetxea ireki zuten inguru horretan. Bitxikeria modura aipatu zutenez, garai hartan ArzakekVinagres ezizena hartu zuen, ardoari eta sagardoari ura botatzen ziela zabaldu baitzen. XIX. mendearen bukaeran, berrriz, Asuncioneko parrokia egin zuten, gaur egun auzoko parrokia dena. Geroago, 1958an, errepidea zabaldu zuten, lau bidekoa eginez, egun dagoen moduan. Hala, gune horretatik aurrera hasi zuten auzo berriaren eraikuntza.

INTXAURRONDO HAUNDI.
Adituen arabera, Intxaurrondo Zaharreko altxor preziatua da Intxaurrondo Haundi baserria, gaur egun Intxaurrondo Zahar dioen arren eraikinaren atarian. Dirudienez, 1597an Espainiako monumentu izendatu zuten. Sagardotegia izan zen, eta gaur egun etxe ingurua itxia dagoen arren, garai batean plaza irekia zen. Txapela plaza moduan ezaguna zen, eta auzoko jaien erdigunea izaten zen. Auzoko helduek, gainera, ongi gogoan dituzte Martin eta Felisa, Intxaurrondo Haundiko bizilagunak, beste baserri batzuetatik ekarritako esnea banatzen baitzuten auzotarren artean.

Inguru horretan baserri garrantzitsu gehiago ere badaude, Larrotxene bera, esaterako; azken 28 urteetan auzoko kultur etxea den arren, aurretik taberna izan zen. Lizardi Txipi baserriak ere badu bere garrantzia, gaur egun Txaparrene dena. Izan ere, Donostia eta Altzaren arteko muga bertan bereizten zuten, eta 1940an Altza Donostiaren parte izatera igaro zenean, bertan egin zuten ekitaldi ofiziala. Hala, Lizardi Txipiren aurrean moztu zuten erramu bat, zinta baten ordez, irekiera gisa.

Baserri horiek guztiak Intxaurrondo kalean kokaturik daude, errepublika garaian Manuel Azaña eta diktadura garaian Generalisimo Franco izena izan zuen kalea. Inguru horretan, gainera, garbileku bat zegoen. Auzotar asko joaten ziren bertara euren arropak garbitzera. Bazeuden ere besteen arropak garbitzea lanbide zuten emakumeak, latsariak izena zutenak. Urte batzuk geroago, denda ugari izan zituen Intxaurrondo Zaharrak, eta denetik topa zitekeen: likore eta goma fabrikak, aroztegiak, ile apaindegiak, botikak, mertzeriak… 1980ko hamarraldi inguruan, ordea, pixkanaka desagertzen hasi ziren guztiak, denda handiek sortzen zuten lehiaren ondorioz.

GAZTAÑAGA PARKEA.
Egun Gaztañaga parkea dena, garai batean zubia izan zen, Zubiaurre moduan ezaguna zena. Inguru horretan, 1864an, trenbidea eraiki zuten, auzoa bitan banatuz. Hala, iparraldeko zatian etxe ugari egin zituzten, eta hegoaldeak, berriz, bere nekazal izaera mantendu zuen urte askoan. Horretaz gain, N-1 errepideak eta tranbiaren bideak ere auzoa gehiago banandu zuten. Auzoaren hegoaldeko zatian, 1950. urtearen bueltan hasi ziren etxebizitzak eraikitzen, baina modu ez egokian, eta bizilagunek argiztapen eta irismen arazoak izan zituzten. Edonola, denbora tarte gutxian auzoa asko hazi zen, eta Donostialdeko bizilagun berriak bertara joan ziren.

Zubi horretan bertan gurdiek, oinezkoek eta obretako kamioiek bat egiten zuten, eta istripu ugari egon ziren. Emakume bat ere hil egin zen, kamioi batek harrapatuta. Auzotarrek behin baino gehiagotan eskatu zuten beste zubi baten eraikuntza, eta azkenean, lortu zuten. Azken batean, bizilagunak alde batetik bestera igarotzeko modu bakarra zen, eta garai hartan ezinbestekoa zen mezatara edo anbulategira joateko beharrezkoa zuten.

MONS.
Mons ingurua, Intxaurrondo Zaharreko gunetik gora dago, eta gaur egun bertara igotzeko eskailera mekanikoak daude. Garai batean, ordea, bide aldapatsu hori oinez igo beharra zegoen. Inguru horietako etxeetara Gaztelako eta Extremadurako herritarrak iritsi ziren. Bide garrantzitsua zen, egun Intxaurrondo kalea denaren alternatiba baitzen. 1960an baserriak desjabetzen hasi ziren eta etxe berriak egin zituzten. Aurrerago, bideak hobetu zituzten eta autobus zerbitzua hobetzea lortu zuten. Salesiarren parrokia ere egin zuten Monserako bidean, eta pixkanaka Mirakruz Gainak protagonismoa galdu zuen.

SAGASTIEDER.
Sagastieder plaza gaur egun Kaldero Jaun jaien erdigunea da. Inguru horretara iristean, bisitaren gidariek Intxaurrondok izandako sagardotegiak ekarri zituzten gogora. Izan ere, Intxaurrondo Zaharrean zortzi egon ziren, eta goikaldean, berriz, beste bost, eta oso ezagunak, gainera. 1960an eraikitako saihesbideak, Intxaurrondoko bizilagunak oraindik ere gehiago banatu zituen, eta egun oraindik ere guztiak batzeko lanean jarraitzen dute, Intxaurrondo Eguna gisako jardueren bidez. Pixkanaka, bizilagunen beharrak asetzen hasi ziren, etxebizitzak modu egokian eraikiz, baina 1992an anbulategia izan zen lortu zuten lehen ekipamendua. Pixkanaka, garraio publiko hobea, eskolak, zaharrentzako egoitzak, kultur etxeak eta auzoari bizia eman dioten lorpen gehiago izan ditu Intxaurrondok. Edonola, oraindik ere badituztela konpontzeko gauzak diote bizilagunek, eta pixkanaka hobetzen joatea espero dute.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend