«Eskatzen dugun bakarra auzoari berea den zerbait itzultzea da»

Leire Rodrigez eta Maribi Iartza. (Argazkia: K. M.)

Leire Rodriguez eta Maribi Iartza. (Argazkia: K. M.)

Uliako udal landare-haztegi ohia irekitzeko aldarrikapena egin dute auzotarrek urtetan. Orain proiektu zehatz bat proposatu dute.

Uliatarren aldarrikapen historiko bat proposamen berri batekin indartu dute auzotarrek azken hilabeteetan. Hain zuzen ere, Uliako landare-haztegi ohia auzotarrei zabaltzearen aldarrikapena, Lore Baratzak osatzearekin batu dute.

Maribi Iartzak (Ulia, 1946), urteak daramatza Uliako Auzo Elkartean, eta urteak, hain zuzen, Uliako haztegi ohia auzoarentzat aldarrikatzen.

Leire Rodriguezek (Ulia, 1987), duela hilabete batzuk, aldarrikapen horri ekarpena egin zion Lore Baratzak proiektuarekin. Hilabete hauetan udal gobernuarekin eta udal taldeekin proposamena indartu nahian dihardute. Irutxuloko Hitza haiekin bildu da proiektuaren berri jakiteko.

Zein da zuen aldarrikapena eta proposamena?
Maribi Iartza (M. I.): Historikoki auzoak Uliako haztegi ohia parke publiko egitea eskatu du.
Leire Rodriguez (L. R.): Eta orain, parke publiko horri erabilera ematea gehitu diogu.

Nolakoa da haztegi ohien lur eremua? Zer da auzotarrentzat?
M. I.: Uliako auzokideek aspalditik ezagutzen ditugu udal haztegiak. Garai batean parke publiko izan ziren, auzoan oso integratuta zeuden.
L. R.: Jaialdiak egiteko irekitzen zen, herri bazkariak egiten ziren auzoan…
M. I.: Eta urte askotan auzotarrentzat paso bat izan zen errepide nagusitik Uliara joateko. Gainera garai batean ur mozketak ohikoagoak zirenean, auzotarrak bertara joaten ginen, bertan ur-biltegiak daudelako.

Noiz eta nola hasi zineten berriro irekitzea eskatzen?
M.I.: Zehazki 2006an jakin genuen, udal haztegietako orube osoan etxebizitzak eraikitzeko plan bat aurkeztu zutela, eta orduan gure artean biltzen hasi ginen. Horretan, auzo elkarteko kide batek Aranzadi Zientzia Elkartearekin kontaktuan jartzea proposatu zuen, eta haiek Donostiako ur biltegiak ondare historiko eta arkitektoniko zirela ondorioztatu zuten. Ondoren, haztegiak Altzara mugitu zituzten. 2008an Hiri Antolamentuaren Plan Berezia egin zuten eta, bertan, etxebizitzak egiteko salgai jartzea proposatzen zuten, beti ere, ur biltegiak errespetatuz, Ura eta Biodibertsitatearen Museoa egitea proposatuz. Uliatarrok aurka azaldu ginen.
L. R.: Uraren Museoaren alde bai, baina auzoak jarraitzen zuen eskatzen eremu osoa parke publiko egitea.
Baina urteak pasa dira…
M. I.: Eta ez da ezer egin, ez saldu, ez hiritarrei ireki.
L. R.: 2011 arte. Bildu gobernura iritsi zenean eta auzoka partaidetza bilerak egiten hasi zirenean, eskarietako bat hau izan zen [haztegiak irekitzea], eta beraiek konpromisoa hartu zuten aurrera eramateko.

Baratzak eta parke komunitarioa izatearena ere proposatu zenuten?
L. R.: Hori beranduago izan zen. Egia esan, niri okurritu zitzaidan gauza bat izan zen, egunero bertatik pasatzean, beste hirietako hiri baratzak eta abar etortzen zitzaizkidan burura, eta auzo elkartean aurkeztu nuen egitasmoa, eta oso ondo hartu zuten.
M. I.: Bai oso ondo hartu genuen, aspaldiko aldarrikapenari gehitzen ziolako, eskaera indartu egiten zuelako.

Zein da Lore Baratzen proiektua?
L. R.: Ez duguna ulertu behar da baratzak diren zerbait soilik bezala. Guk sustatu nahi duguna da, parke publiko bat, erabilera ezberdinekoa. Helburua ez da baratza izatea; nahi duguna da, toki komunitario bat eduki, jendeak aukera hori edukitzean, hainbat ekimen aurrera eramateko. Paseatzeko leku bat izatea, denon artean zaintzekoa, frogatzekoa…
M. I.: Ezagutzen dugunok badakigu oso toki handia dela, eta inguruan zentro terapeutiko asko daude, eskolak… Eta hor uztartuko lirateke baratzak, jardinak, haurrak, zaharrak, paseoak… Eta hor dauden ur deposito horiek.
L. R.: Uliako auzoari eremuak irekitzea, eta lur saila aisialdirako eta elkarbizitzarako zabaltzea, beti ere inklusio eta kohesio soziala ahaztu gabe. Ez dugulako ahaztu behar normalki baztertuak geratzen diren talde sozialek, auzoan presentzia handia dutenek ere, leku bat izatearen garrantzia.
M. I.: Izan liteke oso didaktikoa, oso berezia, parke berezi bat.

Donostiarrentzako ondarea ere bada, ezta?
M. I.: Jendeak ez daki zer dagoen hor, ez daki! Eta ez litzateke uliatarrentzako proiektu bat bakarrik, donostiar guztientzako izango litzateke. Denon ondarea da.

Eta zer eskatzen duzuen egun?
L. R.: Egoera ekonomiko hau ikusita, eskatzen duguna da, udalak beste erabilera bat eman ezin dion bitartean, era prekarioan auzo elkarteari uztea parkea kudeatzen. Esan digutena da hori ezin dela; guk uste dugu mailegu hori egin egiten dutela beste lekuetan eta falta dena borondate politikoa dela. Ezin duguna gehiago onartu da honek itxita jarraitzea.

Zenbat denbora behar duzue?
L. R.: Guk kalkulatzen dugu, guztiz martxan egoteko, urtebete behar dugula. Ateak ireki eta ikusteko zer egin dezakegun bertan, zein erantzun dagoen, zein behar, zenbat jende…
M. I.: Uste dugu, baina, bakarrik beteko dela. Jendea bakarrik etorriko dela.

Kostu handiko proiektua da?
M. I.: Ez litzateke batere garestia izango. Dena eginda dago; haztegiak, negutegiak… Dena eginda dago, auzotarrek landuko genuke.
L. R.: Guk ez dugu dirurik nahi, ez dugu inongo trabarik edo arazorik izan nahi.  Eskatzen dugun bakarra auzoari berea den zerbait itzultzea da.

Nola doa prozesua?
L. R.: Oraingoz, geldi. Oposizioak saltzearen jarreran jarraitzen du. Gobernuko zinegotziekin bildu ginen, eta esan ziguten proiektua gustatzen zitzaiela, baina aztertu egin behar zutela. Itxaroten jarraitzen dugu.
M. I.: Talde politiko guztiekin bildu nahi dugu, ea proiektuaren alde egiten duten. Hortan gabiltza.

Iruzkin bat

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend