Etxaniz Rojo: “Kontatzen dizkidaten gauza batzuk gorde egiten ditut eta hortik sortzen ditut istorioak”

Xabier Etxaniz Rojo; Idazlea

(Argazkia: E. Zabala)

(Argazkia: E. Zabala)

Xabier Etxaniz Rojok bere bosgarren ipuin liburua kaleratu berri du, Erein argitaletxearekin; euren artean loturarik ez duten lau kontakizunek osatzen dute Sirena-hotsak argitalpena.

Matxupitxu, Akelarreak, American way of life eta Sirena-hotsak. Horiexek dira Xabier Etxaniz Rojoren (Trintxerpe, 1971) lau istorio berriak. Lau bidaia, iragana eta orainan barna. Maitasuna, helduen arteko maitasuna, euskal gatazka eta hirugarren adinekoen gora-beherak; gogoko dituen gai horien inguruan aritu da Etxaniz Rojo berriro ere. Lau ipuinek ez dute zerikusirik euren artean, baina guztiak Etxanizek errealitatean bizitako momenturen batetik abiatutakoak dira. Idazlearekin berarekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk.

Maitasuna, helduen maitasuna, gatazka eta hirugarren adina. Zer duzu gai horiekin zure liburuetan behin eta berriz errepikatzeko?

Daukadana da zahartzen ari naizela, nire gurasoak ere gero eta zaharragoak dira eta horrek markatzen nau. Nik ere duela 20 urte gaztea nintzenean eta gaztea eta berdea nintzenean, gatazka ezagutu nuen, azaletik. Gainera zer demontre, gatazka zorionez bukatu da, baina horri buruz idatzi beharko dugu. Maitasuna, berriz, leku guztietan dago. Bikoteen arteko harremana hor dagoen gai unibertsal bat da eta askotan idatzi da gai horri buruz, baina nik nire istorioak kontatu behar nituen.

Kontatu ezazu labur istorio bakoitzaren nondik norakoa.

Bai. Lehenengoa Matxupitxu da; eta bertan Nikaraguako etorkin baten istorioa kontatzen dut, Fabian izenekoa. Hona etorri da lanera eta agure bat zaindu behar du. Agure horrek hainbat istorio kontatzen dizkio eta Fabianek ez daki zer den egia eta zer den gezurra, baina istorio horiek bere iraganera eramaten dute. Bigarrenean, Akelarreak, liburuzain bat agertzen da eta bere aita zenaren liburuak berreskuratzen ditu, bere amari emateko. Halako batean liburu bat topatuko du eta zerbait gertatuko da. Hirugarrena, American way of life, langile bat da protagonista eta bere enpresa ERE batean sartua dago. Ameriketako Estatu Batuetara joatea da bere ametsa, Lakersen partida bat ikustera, baina bere enpresako arazoak geroz eta larriagoak dira. Azken ipuina Sirena-hotsak da, 40 urte inguruko hiru lagun dira protagonistak, gazte garaian kale borrokan ibilitakoak. Momentu batean tren bat erretzen saiatu ziren. Bi lagun topatuko dira, hirugarrena kartzelan dagoelako.

Istorioek ez dute euren artean loturarik, baina denek dute zerbait errealitatetik, ezta?

Bai. Niri gustatzen zait adi egotea eta gauzak entzutea. Nahiago dut entzun eta ez hitz egin. Horrela, kontatzen dizkidaten gauza batzuk gorde egiten ditut eta hortik sortzen ditut istorioak. Baina haria oso oso fina da, agian puntu bat besterik ez. Istorioak goitik behera asmatutakoak dira, baina badago zerbait niri iritsi zaidana.

Azken istorioaren izenburua aukeratu duzu liburuarentzako. Zerbaitengatik bereziki?

Erabaki ez arbitrarioa izan da. Adibidez, nire aurreko liburua, Txatartegirako ipuinak, hor gaiak ematen zuen izenburua eta oso argi nuen. Baina hemen lauak hain desberdinak izanda, ipuin bat aukeratu beharra nuen eta Sirena-hotsak iruditu zitzaidan egokiena, deigarriena.

Ipuin horiek idaztean buruan zenuen liburu bat osatzea?

Ipuinak idazten ditut eta gero biltzen saiatzen naiz. Azkena idaztean, sirena-hotsak, ikusten nuen osotasun bat egon zitekeela ipuin liburu baterako, baina berez ipuinak ezin dira hartu eta argitaratu, bilduma bat osatu behar da.

Ipuinen apustutik jarraitzen duzu. Hori da zuretzako idazteko errazena?

Hor sentitzen naiz erosoen. Hau badakit egiten, gaizki ez behintzat, eta oso gustura egiten dut. Egia da gero eta luzeagoak ateratzen zaizkidala, zeren beste liburuetan 9-10 ipuin zeuden, eta orain, lau bakarrik. Horrek esan nahi du luzeagoak direla. Baina besterik gabe, gogoko dut generoa eta eroso sentitzen naiz.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend