Mikel Karton: “Musikari bakarlari bakoitzak bere kutsua duela uste dut”

Mikel Karton; Musikaria

‘Protesta ahotsa’ izeneko bere lehen diskoa kaleratu berri du Mikel Karton bakarlariak, eta emaitzarekin gustura geratu dela nabari zaio; lanaren aurkezpen kontzertua eskainiko du gaur, 21:00etan, Groseko Kortxoenea gaztetxean.

Mikel Karton

(Argazkia: E. Zabala)

Urteak daramatza gitarra eskuartean hartuta, batean eta bestean abesten Mikel Kartonek (Intxaurrondo, 1982). Geure Kabuz musika taldean aritu ostean, bakarlari gisako ibilbidea hasi zuen 2010ean, eta orain, bere abestiak disko batean batzea erabaki du. «Euskarari bultzada bat emateko edo erabilera bultzatzeko erraminta bat da niretzako», adierazi dio IRUTXULOKO HITZAri.

Urteak daramatzazu musikaren munduan murgilduta, ezta?
Bai. 2007an talde bat sortu genuen, Geure kabuz izenekoa. Hasieran Jon Fernandez baxu jotzailearekin hasi nintzen gure abestiak sortzen. Geroago Asier Korta bateria jotzailea batu zitzaigun, eta pixkanaka kontzertuak ematen hasi ginen tabernetan eta gaztetxeetan. Gerora, 2007 urtearen bukaeran, Ander Isusi sartu zen taldean, gitarra elektrikoarekin, eta laukote moduan 2010 arte ibili ginen. Gero, betiko kontuak tarteko, banandu egin ginen. Azkenean, talde batean, zenbat buru hainbat aburu. Orduan, ni bakarlari moduan hasi nintzen, pixkanaka abesti berriak sortu nituen, eta esan daiteke diskoa dela pixka bat horren emaitza.

Nolatan erabaki duzu orain autoekoitzitako disko bat kaleratzea?
Aro bat itxi nahi nuen eta zerbait erditu behar nuela erabaki nuen. Beñat Antxustegik diskoa ateratzeko laguntza osoa eskaini zidan, eta 2013a ondo ixteko onena iruditu zitzaidan. Hasiera batean jolas moduan hasi ginen grabaketak egiten Zaldibiko Haizetxe baserrian, eta azkenean eskuartean disko bat genuela topatu ginen. Hau egiteko gogo asko nuen; poz handia ematen dizu zure abestiak nonbaiten txertatuta ikusteak.

Hamahiru abesti bildu dituzu. Zer topatuko du entzuleak diskoan?
Urteetako lanaren ondorioa da diskoa. Taldearen eta Mikel Karton bakarlariaren arteko fusioa edo elkarlana izan dela esan daiteke. Diskoaren lehen lau abestiak Geure kabuzekin jotzen nituen, nahiz eta nik sortu nituen. Gero, bosgarren abestitik aurrera, nire sorkuntza hutsa izan da guztia, melodia aldetik behintzat.

Abestietako hitzak ere zureak dira?
Ni ez naiz letrista, ez naiz poeta. Saiatzen naiz ahal den neurrian, hitz on bat topatzen badut edo erakartzen nauen poesia bat, horri melodia jartzen, nahiago dut. Jendea ez da hurbiltzen poesietara, orduan, saiatzen naiz, poeta horien hitz gozo eta eder horiek plasmatzen, kantuen bitartez. Gero, behin edo behin, atera izan zait nire hitzen bat eta gustura geratu naiz, eta halaxe geratu zait. Hamahiru abestiak euskaraz dira. Gutxi gora-behera abestien erdia poetenak dira, eta beste erdietako hitzak nireak dira. Biak uztartu ditut.

Zertaz hitz egiten duzu abestietako hitzetan?
Gai asko jorratzen ditut hitzetan. Beti bezala, maitasuna, lagun arteko parranda, protesta, herrimina, euskara… batik bat hori.

Zergatik ‘Protesta ahotsa’?
Kanta baten izena da Protesta ahotsa, eta iruditu zitzaidan diskoarentzako izenbururik egokiena hori zela. Berez, Bitoriano Gandiagaren poesia bat da, eta hortik hartu nuen. Nik esango nuke hitzak bertan indarra duela; protesta, aldarrikapen bat, ahotsa, herritik sortzen den zerbait. Nik uste dut plasmatu nahi nuenarentzako aproposa zela izen hori. Horrek ez du esan nahi gogokoen dudan abestia hori denik, baina esango nuke hitz indartsuenak horiek iruditzen zitzaizkidala.

Kolaborazioak izan dituzu diskoaren grabaketan?
Bai. Normalean nik kontzertuetan bakarrik jotzen dut, gitarrarekin. Batzuetan kolaborazio txikiren bat izan dut, pianoarekin edo gitarrarekin. Diskoan bai, kolaborazioak ditut; Beñat Antxustegi gitarrarekin, Julen Landa pianoan, Joska Natkek kaxa flamenkoa jo du eta Anabel Toralek akordeoia. Esango nuke ez dudala diskoa asko makillatu, baina errimel pixka bat eman diot.

Diskoaren azala oso koloretsua da.
Bai, nire neska-lagunak egin dit, Ane Muñoz, diseinatzailea eta marrazkilaria da bera. Normalean abestietan tristea naizela diote, eta mesedez, diskoa koloreztatzeko eskatu nion, keinu ederrago bat ateratzeko. Egia esan, azalarekin oso pozik nago, ezin dut gehiago eskatu. Erakargarria da, eta disko ilunari argitasun izpi bat ematen dioela uste dut.

Nola banatuko duzu diskoa?
Ale gutxi batzuk atera ditut, eta denak saltzen baditut bigarren edizio bat egon daiteke. Hala ere, ez daukat inongo helburu ekonomikorik proiektu honekin. Ikusiko dut, eskaeraren arabera aterako ditut kopiak. Nik salduko ditut diskoak, eta Groseko Kiskurra tabernan eta Parte Zaharreko Rekalde tabernan ere salgai jarriko ditut. Horrekin hasiko naiz.

Nola azalduko zenuke egiten duzun musika?
Ez dakit… euskal bakarlaria naiz. Musikari bakarlari bakoitzak bere kutsua duela uste dut. Bakoitzak diskoa entzun eta bere iritzia eman dezala.

Nolakoa izango da gaurko kontzertua?
Lehenengo aurkezpen txiki bat egingo dut, grabaketa nondik nora joan den azalduz, zein abestik osatzen duten… eta abesti bakoitzaren azalpenarekin abesti bat joko dut. Abestien hitzak ere jarriko ditut, nahi duenak abestu dezan. Hasieran pentsatzen dut behean egongo naizela, mikrofonorik gabe abesten, ikuslegoarekin konplizidadea lortzeko, bestela oso hotza geratzen da. Gero, seguraski, oholtzara igoko naiz, doinu indartsuago baten bila.

Aurrera begira jarri zara?
Diskoa kaleratzeak aurrera jarraitzen lagundu dit, tresna bat da nire burua ezagutzera emateko. Sorkuntza berri baten bila nabil, bestela galdurik geratuko nintzateke. Nik trasmititu nahi dudana da, euskara erabiliz mundu honetan bizi gaitezkeela. Euskarari bultzada bat emateko edo erabilera bultzatzeko erraminta bat da niretzako.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend