Alkatea aukeratzeko udalbatzarrera joan ahal izango dira herritarrak
Larunbat honetan, ekainaren 15ean, aukeratuko dute Donostiako hurrengo alkatea, 10:30ean egingo duten Udalbatzar eratzailearen bitartez. Nahi duen orok ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izango du udalbatza aretoan, gaurtik aurrera 010 edo 943481000 telefonoetan izena emanez.
Adin Mahaiaren osaketarekin hasiko dute bilkura, eta Juan Carlos Etxezarretak udal idazkariak, Miguel Angel Diez (PSE-EE) zinegotzi helduenak eta Jon Insausti (EAJ) zinegotzi gazteenak osatuko dute. 27 zinegotzien agiriak egiaztatuko dute ondoren, eta guztiek zin egin beharko dute. Horrela, udal korporazioa eratutzat emango dute, eta alkatea hautatzera pasako dira, eta azken orduko ezustekorik ez badago EAJko Eneko Goia izango da alkate, berriz ere.
Alkatea hautatzeko prozesua honakoa da: Zerrendaburu diren, eta hala onartzen duten guztiak izango dira alkategai, eta horietakoren batek hautagaitzari uko eginez gero, zerrendako hurrengoa izango da alkategaia. Zinegotzi guztiek emango dute botoa, era sekretuan eta txartel bidez. Gutxienez 14 boto lortzen dituena izango da alkate, hori baita legezko gehiengo osoa. Inor ez bada aldeko 14 botoetara iristen, aldiz, boto gehien dituen hautagaiak jasoko du Donostiako aginte makila.