Anoeta 4 ordu antolatu du Kirolean kirol elkarteak
Txirrindularitza eta beste hainbat erronka eta ikuskizun bilduko dituzte Belodromoan, martxoaren 21ean.
Anoeta 4 ordu, halaxe izena du Kirolean kirol elkarteak Belodromoan egingo duen jaialdiak. Anoetako kirol instalakuntzak 50 urte betetzen dituela aprobetxatuz egingo dute jaia, 2015eko martxoaren 21ean, garai bateko Euskadiko sei orduen eran. Txirrindularitza izango da jaialdiaren ardatz nagusia: Keirin, puntuazioa, kanporaketak… baina bestelako kirol erronkak eta ikuskizunak ere antolatu dituzte: Cirque de Soleileko akrobata ohi bat, Joxemari Olasagasti, Gipuzkoako lau arraun kluben arteko desafioa… “Nazioarteko puntako txirrindulariak ikusteko aukera egongo da, baita etxekoak ere”, aipatu du Asier Maeztu aholkulariak gaurko aurkezpenean. Azken batean, familia giroan gozatzeko jai bat izatea nahi dute, eta 17:00etatik 21:00etara izango da.
Jaialdiaren bezperan, martxoaren 20an, 19:00etan, aurkezpen ireki bat egingo dute Bulebarrean, girotzen joateko. Horren aurretik, zehaztu gabeko egun batean, txirrindularitza proba bat egingo dute Ordizian eta Beasainen.
Guztira, jaialdia antolatzeko 200.000 euroko aurrekontua zehaztu dute antolatzaileek. Hala, aurrekontuaren erdia erakunde publikoetatik eta babesle pribatuetatik lortzea espero dute. Sarrerak merke jarri nahi dituzte, ahalik eta jende gehien hurbiltzeko, eta urtarrilerako zehaztuko dute prezioa.