Antiespezismoa eta feminismoa
Feminismo plural eta polifonikoek euren sorreratik salatu dute sistema patriarkalaren zapalkuntza, eta bizitzak erdigunera ekartzeko borrokatu. Feminismo hauen ekarpen garrantzitsu bat izan da gai izan direla, bai teorian eta bai praktikan, konexioak sortzeko zapalkuntzak ulertzeko moduetan. Aurrerantzean, zapalkuntzen transbertsalitatea mahaigaineratuko dute. Botere harremanak auzitan jartzeko gaitasun honetatik abiatuta, feminismoek aurrerapauso handi bat emango dute subjektuari dagokionez: “emakumea” (subjektu bakar eta unibertsala balitz bezala) salbatu nahi zuen feminismo hori, orain pluralean idatziko (eta ulertuko) da. Beraz, ez da existituko mundu bakar bat, edo proiektu feminista bakar bat. Orain patriarkatuaren kontrako borroka testuinguru soziopolitiko zehatzetatik abiatuko da, geografia eta historia anitzetan oinarrituta eta gorpuztasun ugarietatik pentsatua.
Aipatu moduan, gorputzak zapalkuntza ugarik gurutzatzen dituzte, eta era konplexuetan gainera. Horregatik da hain beharrezkoa borrokak ere gurutzatzea, zapalkuntzen errora joateko eta erantzun oso bat eman ahal izateko.
Sistemaren begietan, gorputzak bere mesedetan erabili ditzakeen merkantzia hutsak dira. Sistema honen gainean egoteaz pribilegiatzen dena mendebaldeko bio-gizon, zuri, heterosexual, burges, haragijale eta kapitala erreproduzitzeko gaitasun hegemonikoak dituena da. Gorputz hau, beraz, sistemaren erdigunean dago, eta gainerako guztiak bazterretan geratzen gara, kanpoan. Sistemak ez ditu subjektu gisa ulertzen, ez ditu hauen behar edo interesak kontuan izaten. Gurutzatzen gaituzten zapalkuntza hauek sistema kapitalista birsortzeko balio dute. Denok sistema berak zapaltzen gaitu.
Gizaki gisa, gizaki izate hutsagatik, pribilegio posizio batetik abiatzen gara gainerako animaliekiko dagokionez. Gure asmoa euren gorputz eta bizitzak menderatzeari uztea da. Horretarako kontziente izan behar dugu gure zapalkuntzez, eta baita gure pribilegioez ere. Ez gara inoiz aske izango gure plazer, mesede eta interesetarako beste norbanako batzuen gorputzak erabiltzen eta erailtzen baditugu, ezin diogu zapaldu izateari utzi zapaltzaileak bagara.
Dominazio sistemek, hala nola patriarkalak edo espezistak, euren zapalkuntzak justifikatzeko ‘normala’, ‘naturala’ eta ‘beharrezkoa’ hitzak erabili ohi dituzte. Sistemarentzat “normala” dena heterosexuala izatea da, edota beste norbanako baten azalarekin janztea. Sistemarentzat “naturala” da emakumeak sentiberak izatea eta gizonak indartsuak, edo beste animalia batzuen sufrimenduaren kontura dibertitzea (zirkuak, zezenketak…). Eta sistemarentzat “beharrezkoa” da argala egotea eta animalien gorpuez elikatzea.
Guk pausoak eman nahi ditugu kapitalismorik eta zapalkuntzarik gabeko mundu baterantz. Horretarako, feminismoa antiespezista izan beharko da, eta antiespezismoa feminista. Ez gara inoiz aske izango beste batzuk lotuta ditugun bitartean. Zapalkuntzak gurutzatu egiten dira, eta borroka guztiek edan behar dute beste borroka batzuetatik: borroka intertsekzionala izango da, edo ez da izango! Gora borroka feminista! Animalien askapena!