Antzoki Zaharraren barne-bizitza, artista baten begietatik
Amable Ariasek 50eko hamarkadan Antzoki Zaharrean egin zituen marrazki eta urmargoak erakutsi dituzte San Telmo museoan. Artistaren lehen lanak ezagutzeko ez ezik, hiriko antzoki zaharrenaren historiari hautsa kentzeko aitzakia bat ere bada erakusketa.
Publikoarentzat ez da erraza izaten oihalaren atzealdean gertatzen dena ezagutzea. Horixe da, hain zuzen, Amable Ariasek egin zuena (Bembibre, Leon, Espainia, 1927 – Donostia, 1984). Agertoki gaineko ikuskizunek erakusten ez duten intimitatea irudikatzea lortu zuen Donostian, Antzoki Zaharrean. Orain, garai horretan marraztutako obra ikusgai dago San Telmo museoan, Amable Arias banbalinetan erakusketan. 1955 eta 1959 urteen artean udal aretoan egindako 79 marrazki eta urmargo bildu dituzte. Haren bikotekide Maru Rizok San Telmo Museoari dohaintzan emandako piezak dira. Artista hil zenetik, Rizok lan handia egin du haren obra zabaldu eta ezagutzera emateko.
Arropazaindegian, soldatarik gabe
Nola iritsi zen Amable Arias Antzoki Zaharrera? 50eko hamarkadan, bere amak, Pilar Yebrak, lan bat lortu zuen antzokiko arropazaindegian. 1951n, Antzoki Zaharra ustiatzen zuen enpresak udalari eskualdatu zion kudeaketa. Ekitaldi hartan parte hartu zuten zinegotzietako bat, Manuel Maritorena, Amable Arias eta haren amaren bizilaguna zen. Donostian bizi zen Bembibreko ezagun baten bidez horren berri izanda, amak soldatarik gabeko lanpostu bat lortu zuen. Ordainsari bakarra eskupekoak zituen. Artista gaztea amari laguntzera joaten zen, eta batzuetan haren tokia betetzea ere egokitzen zitzaion, amari aretozain lanetan aritzeko eskatzen ziotenean, besteak beste.
Lehen bi urteetan, ordea, ez zuten lan handirik izan. Amable Ariasek berak Maru Rizori kontatu zizkion Sherezade-etan azaldu zuen [erakusketaren harira argitaratutako argitalpenean irakur daitezke batzuk] arropazaindegia leku txarrean zegoela, goiko solairuan zegoelako, gortinez inguratuta. Jendeak arropa gutxi uzten omen zuen, eskaileran gora eta behera ibiltzera behartzen zituelako. Azkenean, 1953an, hainbat berrikuntza egin ziren barrualdean, eta arropategiaren albo batean jarri zuten. Handik aurrera lan gehiago izan zuten.
Giro askea
Artistak ordura arte ezagutu zuen munduarekin alderatuta (Leongo meatzaritza zona batean hazi zen), zeharo desberdina zen mundu bat topatu zuen han. Giro askeagoa eta bere arau propioak zituen banbalina arteko mundu bat: vedette, aktore, zinemagile eta umoregileena. Gainera, ordura arte Amable Ariasek etxean sartuta eman zituen urte mordoa, eta Antzoki Zaharreko barruko giroa ezagutzea «arrautza oskoletik ateratzea» izan zela aitortu zuen artistak. Izan ere, 9 urterekin istripu larri bat izan zuen tren geltoki batean. Horren ondorioz, ebakuntza larri ugari egin behar izan zizkioten (hortik zetorkion bizitza guztian pairatu zuen herrentasuna). Eta etxean sartuta egon zen urte luzez. Beraz, Antzoki Zaharrean, artistak 24 urte zituenean, ordura arte ezagutu ez zuen mundu batean murgiltzeko aukera izan zuen. Berak eta garaiko jende gehienak ezagutzen ez zuen giro bat.
Ordea, denbora behar izan zuen bere buruarengan konfiantza izan eta antzokiko artisten erretratuak egiten hasteko. 1951n hasi zitzaion amari laguntzen, baina 1953ra arte ez zuen ezer marraztu. Antzokian eroso sentitu ahal izateko figura garrantzitsua izan zen Ana Mari Vidaurre, Antzoki Zaharreko aretozaina.
Askotariko emanaldiak egiten ziren garaiko Antzoki Zaharrean: 1910 eta 1920ko zinema mutua, garaiko zinema (lauzpabost urteko atzerapenarekin iristen zen) , kontzertuak, antzerki klasikoa zein garaikidea eta La Revista izeneko generoko ikuskizunak. Genero horretan collage bitxiak egiten ziren, umorezko sketchak, musika eta dantza nahastuz. Vedette-a izan ohi zen emanaldi hauetako izarra. 50eko hamarkadan, diktadura betean, umore xumea, musika gogoraerraza eta ihesbideko ikuskizun arina eskaintzen zuten emanaldiek arrakasta handia izan zuten. Amable Ariasek, beraz, mota guztietako artistekin egin zuen topo. Besteak beste, Lina Morgan vedette espainiarrarekin, 1957an, Mujeres odiosas ikuskizunarekin etorri zenean Donostiara.
Artistak soilik ez, antzokiko langileak nahiz bertako ohiko eszenak ere eraman zituen paperera Ariasek: antzokiko jostunak, aretozainak eta leihatilako langileak, baita antzokiaren sarrerako zein barrualdeko zenbait irudi ere.
Diktadura betean
Antzoki Zaharrean beti gordetzen zuten eserleku bat zentsore frankistarentzat. Ordea, artisten konpainietako kideek aulkia hutsik zegoela ikusten zutenean, ezarritako gidoitik ateratzen ziren.
Amable Ariasek Antzoki Zaharren seriea margotu zuen garai berean berreskuratu ziren euskarazko saio batzuk. 36ko gerraz geroztik etenda egon zen euskarazko antzerkia, baina 50eko urteetan San Tomas egunean eta San Sebastian egunean berreskuratzea lortu zuten, Maria Dolores Agirreren zuzendaritzapean.
Amable Ariasen ibilbidean ere arrasto handia utzi zuen garai honek. Esperientzia horri esker lortu zuen zentzu kritikoagoa, eta beranduago lantzen joan zen bere obran.